Eguneko udalekuetarako eskaerak jasotzeko epea irekiko du bihar Bilboko Udalak

Actualizado: lunes, 28 febrero 2011 12:21

BILBO, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak eguneko udalekuetarako eskariak jasotzeko epea zabalduko du bihar. Udalekuok udan egingo dira, uztailean eta abuztuan, alegia.

Eguneko udalekuak 15 eguneko egonaldiak dira Bilboko zenbait ikastetxetan jarduerak egiteko. Hiru txanda antolatu dira udarako: uztailaren 5etik 15era, uztailaren 18tik 29ra eta abuztuaren 1etik 12ra. Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak 1.250 plaza ditu Bilbon erroldatutako 6-12 urteko umeentzat.

Eskariak egiteko epea bihartik martxoaren 11ra bitartekoa izango da (egun biak barne), eta plazak banatzeko zozketa martxoaren 21ean egingo da, Bilboko Udaletik adierazi dutenez.

Aurten zenbait aldaketa egin dira matrikula egiteko orduan, eta internet bidez egin ahal izango da, maiatzaren 9tik 11ra bitartean. Edozein familiak eska ditzake bete gabeko plazak, aurreinskripzioa egin gabe ere.

Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak adierazi duenez "aurten Basoen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu eta, hortaz, prestatu ditugun jarduerak ekosistemarekin lotutakoak dira, planetako landare eta animalien erdien bizitokia baita basoa".

Gurasoek programako jarduerak Bilboko Udalaren web-orrian jarritako irudien bidez ikus ditzakete. Iradokizunak ere egin ahal izango dituzte web orriko buzoia erabilita.

Autobus-zerbitzua jarriko da umeen joan-etorriak egiteko programatutako jarduerak egingo diren ikastetxeetara. Ordutegia 9:00-17:45 da, umeak jasotzeko geralekuen arabera. Nahi duten umeek erabiliko dituzte autobusak, oinez ere joan daitezkeelako udalekua egiten den ikastetxera. Bazkaria egonaldian sartuta dago.

Eguneko Udalekuetan parte hartzeko eskariak Bilboko Udalaren webgunearen (www.bilbao.net) edo 010 eta 944 01 00 10 telefonoen bidez egin daitezke, edota Gazteen Ekimenak Sustatzeko Zerbitzuan nahiz barrutiko udaltegietan eta auzo-etxeetan. Izena emateko kuota 100 eurokoa da; familia ugarientzat 70 eurokoa eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzat 15 eurokoa.

Eguneko udalekuei buruzko informazio-liburuxka 6 eta 12 urte arteko seme-alabak dituzten familia guztiei bidali zaie. Web-orri honetan ere jarri da: http://www.bilbao.net/cs/Satellite?cid=1279106638949&languag...