Jaurlaritzak 11.059 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, iaz baino 126 milioi gehiago

2017Rako Aurrekontu Proiektua Aurkeztu Du Jaurlaritzak
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: martes, 21 febrero 2017 13:26

GASTEIZ, 21 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) 2017ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Lege Aurreproiektua onartu du astearte honetan. Zenbatekoa 11.059,7 milioi euro da, hau da, 2016koa baino %1,2 gehiago, alegia, 126 milioi euro gehiago.

Aurrekontu proiektuak bi jarduketa ardatz nagusi ditu: politika publikoak bermatzea eta garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzea. Proiektua ostegunean erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak prentsaurrekoan iragarri duenez.

Azpiazuk adierazi duenez, Ogasun eta Ekonomia Sailak %2,3ko igoera aurreikusi du 2017rako EAEko ekonomian, iazkoa baino zortzi hamarren txikiagoa, eta enplegu garbia %1,7 inguru igoko dela, 2016an %1,9 igo zen bitartean.

Bestalde, aurrekontu proiektuaren gastuaren %76 gizarte politikei dagokiela jakiarazi du sailburuak. Politika horietan biltzen dira, batik bat, osasungintza, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak, eta EAEk berdintasunezko gizartearen profilari eustea dute helburutzat, Europar Batasunarenak (EB) baino pobrezia eta desberdintasun adierazle baxuagoekin.

Sailei dagokienez, Osasun Sailak izan du igoerarik handiena, 3.537 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin, hau da, 2016an baino 116 milioi euro gehiago. Hezkuntza Sailak ia 2.663 milioi euroko aurrekontua du, hots, %2,1eko igoera 2016rekiko.

EKONOMIA GARAPENA ETA AZPIEGITURAK

Bestalde, Pedro Azpiazuk nabarmendu du Jaurlaritzak "gastu bolumen nabarmen bat" esleitu duela ekonomia bultzatzeko, eta horrela, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak 1.042 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du (ia 29 milioi gehiago).

EAEko ekonomia dagoen susperraldi ekonomikoaren esparruan, 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) aldeko apustua egin du Jaurlaritzak. Horrela, 410 milioi euro zuzenduko ditu plan horretara, hau da, 2016an baino 23,6 milioi gehiago (%6ko gehikuntza).

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ia 1.000 milioi euroko aurrekontua du (45 milioi gehiago). Hain zuzen, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarrietarako 491,3 milioi euro izango dira (2016an baino 30,3 milioi gehiago), eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako 27 milioi euro (lau milioi gehiago).

Halaber, 2017an, Segurtasun Sailak 626 milioi euroko aurrekontua izango du, zortzi milioi inguruko jaitsierarekin, aurten ez baitago hauteskunde gasturik. Jaurlaritzan urteko aurrekontu sailean jaitsiera izan duen sail bakarra da.

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailarentzat 241,9 milioi aurrekontua aurreikusi da, 2016koa baino 4,7 milioi gehiago, hau da, %2,0 gehiago, eta Lan eta Justizia Sailarentzat 209,8 milioi eurokoa, 3,6 milioi gehiago (%1,7 gehiago).

Gainera, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ia 192 milioi euro izango ditu, 2016an baino 12,9 milioi gehiago, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak 113,1 milioi eurokoa (9,8 milioi gehiago).

Halaber, Lehendakaritzak 111,6 milioi euroko aurrekontua izango du (500.000 euro gehiago), eta Ogasun eta Ekonomia Sailak 48,8 milioi eurokoa (500.000 euro gehiago). Azkenik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarentzat 36,2 milioi euroko aurrekontua aurresikusi da (1,3 milioi gehiago).