Egungo mutilei eta etorkizuneko gizonei buruzko hausnarketa EHUren uda ikastaroetan

Ikastaroaren hizlarietako bat
IREKIA
Actualizado: lunes, 3 julio 2017 17:53

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak "Mutilak, zer nolako gizonak izango dira" ikastaroa antolatu du astelehenean eta asteartean Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) XXXVI. Uda Ikastaroen baitan, Donostiako Miramar jauregian. Ikastaroaren helburuak dira hausnartzea gizarteak mutilei eta neskei bidaltzen dizkien mezuei buruz, eta bereziki mutilek jasotzen dituzten mezu horiek zein eragina duten euren nortasun eta garapenean. Honekin batera, beste helburu bat da hauen garapen integralaren alde eta berdintasun posizioaren alde zer esperientzia eta programa dauden gertutik ezagutzea.

Emakundek gogoratu duenez, duela hamar urte jardunaldi bat antolatu zuen, neska gazteen inguruan. "Egungo neskak, etorkizuneko emakumeak" zuen izenburua, eta hortik dator aurtengo ikastaroaren izenburua, kasu honetan, mutilei zuzendua. Orduko jardunaldian, generoak (itxaropenek, estereotipoek, rolek...) nesken nortasunean eta emakume izateko prozesuan zer eragin zuten aztertu zen.

Aurten, aldiz, mutilak izango dira mintzagai eta mutilak gizon bihurtzeko prozesua gertutik aztertuko da: zein mezu jasotzen dituzten (hezkuntzan, familian, komunikabideetan) eta mezu horiek zelan laguntzen (edo mugatzen) duten euren garapen integrala eta boterearen eta indarkeriaren erabilera, besteak beste.

Emakunderen iritziz, berdintasuna lortzea gizarte osoaren lana da, baita gizonena ere. "Gizonen ekarpenik gabe zaila izango da gizarte berdinzale bat eraikitzea", eta, hori dela eta, 2007. urtetik abian du Gizonduz programa, euskal gizonak berdintasunaren alde eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka sentsibilizatzeko eta haien inplikazioa lortzeko.

Ikastaroko hizlariak hezkidetza, antropologian eta maskulinitate eredu berrietan adituak dira. Besteak beste, Carmen Meneses antropologoa, Marian Moreno hezkidetzan aditua eta Octavio Salazar, Ritxar Bacete eta Miguel Lorente maskulinitate eredu berrietan adituak daude hizlarien artean.