Eguraldia.- Aldaketa handirik gabe larunbatean

Larunbateko eguraldia
EUSKALMET
Actualizado: viernes, 25 mayo 2018 17:33

BILBO, 25 May. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, larunbatean, maiatzaren 26an, aldaketa handirik gabe jarraituko dugu. Goizaldean zaparrada batzuk bota ditzake, baina goizean hodeiak eta ostarteak izango ditugu zeruan, hots, hodeitza aldakorra. Egunaren bigarren partean hodeiak ugaritu egingo dira, bero hodei aktiboak izango dira gehienak eta zaparradak botako ditu. Zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta txingorra bota dezake.

Hegoaldeko haizea ibiliko da goizean eta horren ondorioz tenperatura 26 gradu ingurura igoko da kantauri isurialdean; arratsaldean haizeak iparraldera egingo du. Hiriburuetan, Bilbon 16 gradu espero dira gutxienez eta 26 gehienez, Donostian 16 gutxienez eta 25 gehienez, Gasteizen 13 gutxienez eta 25 gehienez, eta Iruñean 14 gutxienez eta 28 gehienez.

Itsasoan hegoaldeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar/ipar-ekialdetik finkatuko da, 2-3ko indarrarekin. Itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Zaparrada trumoitsuak eta txingorra bota ditzake. Itsasgorak 01.14an eta 13.39an izango dira, eta itsasbeherak 07.19an eta 19.35ean. Uraren tenperatura 15-16 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.