Eguraldia.- Fronte ahul batek hodeiak utziko ditu ostiralaren hasieran ipar partean

Publicado: jueves, 27 julio 2017 17:20

BILBO, 27 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, ostiralean, uztailaren 28an, ahulduta iritsiko den fronteak hodeiak utziko ditu hasieran ipar partean. Goizean tantaren bat edo beste eror liteke, kostaldetik gertu bereziki. Araba hegoaldean eta Nafarroa erdi eta hegoaldean tenperatura apur bat jaitsi daiteke baina gainerakoan ez da fronte horren eraginik sumatuko.

Arratsaldean eguzkia agertuko da berriz ere ipar isurialdean, baina maximoak aurreko egunekoak baino baxuagoak izango dira, 25 gradu ingurukoak. Hiriburuetan, Bilbon 18 gradu espero dira gutxienez eta 23 gehienez, Donostian 17 gutxienez eta 23 gehienez, Gasteizen 15 gutxienez eta 26 gehienez eta Iruñean 16 gutxienez eta 29 gehienez.

Itsasoan ipar-osagaiko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, ipar-ekialdekoa nagusituz, eta itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bete inguruko olatuak altxatuko ditu; egunaren amaieran 1,5 metro arte igoko dira. Itsasgorak 07:00etan eta 19:17an izango dira, eta itsasbeherak 00:49an eta 12:59an. Uraren tenperatura 21-22 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.