Giro eguzkitsua izango da asteartean

Publicado: lunes, 23 enero 2017 17:24

BILBO, 23 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, asteartean, urtarrilaren 24an, giro eguzkitsua izango dugu. Goizaldean eta goizean goizetik tarteka hodeitsu egongo da eta lainoa sortuko da, baina goizak aurrera egin ahala hodeiak gutxitu egingo dira eta lainoa jaso egingo du. Horrela, gainerako orduetan eguzkia izango dugu jaun eta jabe zeruan.

Goizaldean astelehen honetan baino gehiago hoztuko du eta barnealdeko zenbait lekutan izotza botako du. Hala ere, eguneko balio baxuenak gauean espero ditugu, azken orduetan, orduan berriro ere izotza botako baitu. Iparraldeko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoetan ez dugu aldaketarik espero. Hiriburuetan, Bilbon 3 gradu espero dira gutxienez eta 11 gehienez, Donostian 2 gutxienez eta 10 gehienez, Gasteizen -2 gutxienez eta 8 gehienez, eta Iruñean 0 gutxienez eta 7 gehienez.

Itsasoan ipar-osagaiko haizea ibiliko da, 3ko indarrarekin; egunaren bigarren partean ipar-ekialdekoa nagusituko da. Itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu; egunak aurrera egin ahala handitu egingo dira eta egunaren amaieran 1,5 metro ingurukoak izango dira. Itsasgorak 01:10ean eta 13:39an izango dira, eta itsasbeherak 07:20an eta 19:40an. Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.