Eguraldia.- Giro goxoa eta epela izango da larunbatean

Publicado: viernes, 28 abril 2017 17:32

BILBO, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, larunbatean, apirilaren 29an, hegoaldeko haizearekin giro goxoa eta epela izango dugu. Egunsentia argia eta dotorea izango da, eta erdi mailako hodeiak eta goi hodei finak baino ez ditugu ikusiko. Orduek aurrera egin ahala barnealdetik hodei trinkoagoak sartuko dira eta zaparradaren bat edo beste botako du. Zaparrada horiek oso irregularki banatuko dira baina bustitzeko aukera handiagoa izango da barnealdean eta mendebaldean.

Hego haizeari esker dezente epelduko du eta ipar partean bereziki tenperatura 18-20 gradura igoko da. Hiriburuetan, Bilbon 7 gradu espero dira gutxienez eta 19 gehienez, Donostian 6 gutxienez eta 20 gehienez, Gasteizen 1 gutxienez eta 17 gehienez eta Iruñean 3 gutxienez eta 15 gehienez.

Itsasoan hego-ekialdeko haizea ibiliko da 3-4ko indarrarekin, eta egunaren bigarren zatian zakartu eta 4-5eko indarrarekin ibiliko da. Lehengo bi milietan itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du, eta itsaskirria edo itsaskia gainontzekoetan. Iparraldeko hondoko itsasoak 0,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 05:21ean eta 17:39an izango dira, eta itsasbeherak 11:25ean eta 23:54an. Uraren tenperatura 14-15 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.