Foto: EUSKALMET
BILBO, 10 Feb. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, larunbatean, otsailaren 11n, hotza areagotu eta izotza edonon botako du. Zerua oskarbi egongo da, eta soilik mendebaldean laino maskal batzuk sartuko dira, bereziki iluntze aldera.
Aipagarriena tenperaturaren beherakada izango da: kostaldean izotz-mugatik jaitsiko da termometroa eta epelenak 2-3 gradukoak izango dira; barnealdean kostata gaindituko dugu egunean zehar 0 graduren muga. Ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da.
Hiriburuetako tenperaturei dagokienez, Bilbon 0 gradu espero dira gutxienez eta 3 gehienez, Donostian -3 gutxienez eta 2 gehienez, Gasteizen -5 gutxienez eta 0 gehienez, eta Iruñean -5 gutxienez eta 0 gehienez.
Itsasoan, ipar-ekialdeko haizeak, 3-4ko indarrarekin, itsaskirria edo itsaskia eragingo du, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 5:34an eta 18:03an izango dira, eta itsasbehera 11:47an. Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.