Egurraren mozketak azken hiru urteetan izan duen bilakaeraren "balorazio positiboa" egin du Bizkaiko Aldundiak

Egurra moztuta Bermeoko portuan
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 3 enero 2014 12:50

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak egurraren mozketak lurraldean azken hiru urteetan izan duen bilakaeraren "balorazio positiboa" egin du. Hain zuzen ere, epe horretan aplikatu dira foru erakundeko Nekazaritza Sailak sustaturiko neurri batzuk, Bizkaiko mendi eta basoetako egur izakinak mobilizatzea helburu dutenak.

   Ingurumenaren aldetik hainbeste onura sortzen dituen baso-ekosistema zaintzea ez da egurraren mozketaren helburu bakarra, horrez gain, jarduera ekonomikoa sortu nahi baita lehengai horren menpean dagoen sektore oso batentzat.

   Sektorearekin, baso-ekoizleekin eta industriarekin koordinatutako ekintzen bitartez, azken urteetan 2.098.786 metro kubikoko egur mozketa lortu da guztira, sektore publikoa eta pribatua batera hartuta. Gainera, eta bide beretik, handituz joan da tarteko baso-mozketen bolumena, eta azken hiru urteetan 434.851 metro kubiko moztu dira.

   Bizkaiko baso publikoetan eta pribatuetan aplikatu diren neurrien artean, mendi publikoak antolatzeko proiektuetan ezarritakoan oinarrituta, merkatuan jarri dira azken mozketarako adina duten basoak, bai udalen jabetzako onura publikoko basoak zein Bizkaiko Foru Aldundiaren ondare basoak.

   Halaber, baso jabe pribatuen aldeko sustapen eta laguntza neurriak hartu dira, baso helduen mobilizaziorako eta mozketarako, Basogintzako Laguntza Planean.

   Gainera, aurreko neurriekin batera, egur bolumenen esleipenak eta mobilizazioa erraztu dituzten neurri osagarriak hartu dira. Horien artean aipatzekoa da Basoen Kudeaketa Iraunkorra eta Baso Ziurtapena sustatzeko neurria, handitu egin baita atxikipen publikoen zein pribatuen kopurua.

   Halaber, hitzarmenak sinatu dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak eta sektoreko elkarteek -Bizkaiko Basogintza Elkartea, Euskadiko Zur Mahaia (EZM), Europako Hegoaldeko Basogileen Batasuna (EHBB)-, sektorea hobetu eta profesionalizatzea xede duten ekintzak burutzeko.

   "Bizkaiko Lurralde Historikoko mendi eta basoetako egur mozketak iraunkortasun baldintzak betetzen ditu eta oraindik badugu tartea aprobetxamenduak handitzeko baso-baliabidearen iraunkortasuna arriskuan jarri gabe", azaldu du Irene Pardo Nekazaritzako foru diputatuak.