EH Bilduk aurrekontua "atzera botatzeko" eskatu dio Jaurlaritzari, krisiari aurre egiteko "ez duelako balio"

Laura Mintegi
EUROPA PRESS
Actualizado: miércoles, 20 marzo 2013 13:29

GASTEIZ, 20 Mar. (EUROPA PRESS) -

Laura Mintegi EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Aurrekontuen Proiektua "atzera botatzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, alderdien eta eragile sozialen artean eragin duen "ahobatezko ukatzea" ikusita, eta euskal gizarteak dituen arazoei aurre egiteko "ez duelako balio".

Eusko Legebiltzarraren egoitzan eskainitako prentsaurrekoan, bere Aurrekontuen Proiektuarekin, Espainiako Gobernutik eta Europako erakundeetatik datozen herstura eta "murrizketa" politiken "kontulari hutsa" izatea leporatu dio Mintegik Jaurlaritzari.

EH Bilduko bozeramaileak "estatu politika" egitera eta "hemen harturiko erabakietan" oinarrituriko Aurrekontu bat diseinatzera gonbidatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, krisi ekonomikoaren aurkako "larrialdi plan" bat martxan jartzeko helburuarekin.

Ildo horretan, Mintegik bere taldearen laguntza eskaini du, baina, aurretik, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontuen Proiektua "atzera bota" behar duela nabarmendu du. Bere hitzetan, Jaurlaritza "arduratsua" bada, proiektuak alderdien eta eragile sozialen artean sortu duen "ahobatezko ukatzea" kontuan izan behar du. "Arduragabekeria litzateke inolako babesik ez duen Aurrekontu batean tematzea", gaineratu du.

EH Bilduko bozeramaileak ez du argitu osoko zuzenketarik aurkeztuko ote duten, baina proiektuan jasotako diru-sarrerak berrikusteko eskatu dio Jaurlaritzari, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta osasuna bezalako esparruetan murrizketarik ez aplikatzeko.