EHUk 2010ean tesia irakurri zuten 316 doktoreak omenduko ditu bihar

Actualizado: jueves, 24 febrero 2011 14:10

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak 2010. urtean tesia irakurri zuten 316 doktore berriei (159 neska eta 157 mutil) omenaldia egingo die bihar. Doktoreak izendatzeko ekitaldia 18:00etan hasiko da, eta EHUko Areto Nagusian egingo da, Leioa-Erandio eremuan. Ekitaldi horrekin, EHUk doktoreak prestatzearen eta arlo akademikoan zein profesionalean titulu hau eskuratzearen garrantzia erakutsi nahi dio gizarteari.

Hortaz, EHUk ohitura bihurtu du doktore berriak izendatzeko ekitaldia otsailaren azken ostiralean ospatzea. Gainera, data bat dator EHUren sorrerarekin, 1980ko otsailaren bukaeran jaio baitzen, unibertsitateko iturriek gogoratu dutenez.

Ekitaldian ehun bat doktore berri eta 1.000 gonbidatu egongo dira.

Halaber, 2007-2008ko doktoregoko 26 sari bereziak emango dira. Sariok, nazioartean goraipamenik handiena izan duten tesiei ematen dizkie EHUk, bi urtean egindako bidea aztertu ondoren.

Doktorego eta tesien garapenaren inguruko deskribapen zehatza ere egingo da ekitaldian. 2000 eta 2005 bitartean, urteko 200 tesi irakurtzen baziren, iaz 316 aurkeztu ziren, eta beraz, %40 igo da EHUk ikertzaileak prestatzeko ahalmena. "Dudarik gabe, igoera horrek eragina du unibertsitatearen ekoizpen zientifikoan eta berrikuntzak egiteko eta gizarteratzeko gaitasunean", azaldu dute EHUtik.

Ekitaldiaren buru Iñaki Goirizelaia errektorea izango da, eta ekitaldiko hitzaldia, "Oportunidades y retos para la investigación en el Área de la salud" izenekoa, EHUko Kirurgiako irakasle Joaquin Losada doktoreak eskainiko du.