EHUk 80 plaza eskainiko ditu Lehen Hezkuntza Graduan eredu hirueledunean ikasteko

Actualizado: martes, 24 mayo 2016 14:10

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Lehen Hezkuntza Graduko eredu hirueledun berrian izena emateko aukera eskainiko du 2016/2017 ikasturtean. Guztira 80 plaza eskainiko ditu: 50 Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan (Leioako campusean) eta 30 Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Gasteizen). Horrela, egungo elebitasunezko ibilbidea (euskara-gaztelera) hirueledun (ingelesa-euskara-gaztelania) bihurtuko da eta euskarazko plazen eskaintza mantenduko da (Bizkaiko campusean 150 eta Arabako campusean 110).

   EHUk jakinarazi duenez, ekainaren 20tik 24ra bitartean ikasleek Lehen Hezkuntza Graduan izena ematea baieztatu ahal izango dute, eta euskara edo hirueledun ereduen artean aukeratu. EHUk adierazi du komenigarria dela eleaniztun plana aukeratuko duten ikasleek euskarazko B2 mailaren eta ingelesezko B1 mailaren baliokidea izan daitekeen gaitasun linguistiko izatea matrikula egiterakoan.

   Gradu eta Berrikuntza arloko errektoreorde Amaya Zarragaren hitzetan, "hirueledun eredu berria ezartzea ikasleen onerako izango da". "Gainera,  jendartean antzemandako hirugarren hizkuntzari buruzko eskaerei erantzungo die, bai eta etorkizuneko irakasle horiek hezkuntza eredu berriarekin bat datozen gaitasun linguistikoak egiaztatzeko izango duten beharrei ere", azaldu du.