EHUk 903 ikasle bisitari jaso eta 1.333 bidali ditu ikasturte honetan

EHUn aurten izan diren atzerriko ikasle batzuk
EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 24 mayo 2013 19:15

DONOSTIA 24 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 903 ikasle bisitari jaso ditu 2012-2013 ikasturtean eta, aldi berean, 1.333 ikasle bidali ditu beste unibertsitate batzuetara.

EHUk kudeatutako mugikortasun-programetan parte hartzen duten ikasle bisitariekin urtero antolatzen den topaketa egin da ostiral honetan Donostiako campuseko Carlos Santamaria Zentroan. Argazki ofiziala atera ondoren, hitz batzuk egin dituzte Iñaki Goirizelaia errektoreak, Nekane Balluerka Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak eta Ana Arrieta Gipuzkoako campuseko errektoreordeak.

Miriam Aurea Marcial EHUn ikasten ari den gazte mexikarrak unibertsitatean bizitako esperientzien berri eman du. Ondoren, Kepa Junkerak Euskal Herriko musika-tresnen erakustaldia egin du, eta ekitaldia mokadu bat janaz amaitu dute bertaratuek.

EHUk 1987-1988 ikasturtetik parte hartzen du nazioarteko mugikortasun-programetan, eta 2000-2001 ikasturtean hasi zirenetik, aldiz, Estatuko mugikortasun-programetan. Datuek azken urteetan izan duten bilakaerari erreparatuta, ikus daiteke hazi egin dela mugikortasun-programetan parte hartu eta nazioarteko lehen esperientzia bizi nahi duten bertoko ikasleen eskaria. Halaber, UPV/EHU jomuga erakargarria izan ohi da ikasle bisitarientzat ere.

Horrela, aipatu bezala, 2012-2013 ikasturtean 903 izan dira EHUra heldu diren mugikortasun-programetako ikasleak, eta 1.333, aldiz, beste unibertsitate batzuetara joan diren EHUko ikasleak.

HITZARMENAK

EHUk aktiboki hartzen du parte mugikortasun-programa nagusietan, hala nola Europako Batzordeak eta Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak sustatutako Socrates-Erasmus programan (programa horren baitan EHUk 500 bat hitzarmen ditu adostuta Europako unibertsitate ezberdinekin) eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Biltzarrak (CRUE) abian jarritako SICUE programan (Espainiako Unibertsitateetako Ikastegien arteko Trukatze-sistema).

Gainera, ikasturte honetan EHUk Mugarik gabeko Zientzia programan parte hartu du lehen aldiz. Brasilgo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Ministerioak abian jarri zuen eta Espainian Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Universidad.es fundazioaren bidez ezarri duen nazioarteko mugikortasun akademikorako programa hau Brasilgo gradu ikasleei dago zuzenduta.

EHUk bereak diren bi mugikortasun-programa ere eskaintzen ditu. Alde batetik Latinoamerikarekiko mugikortasuna sustatzeko EHU-AL izeneko programa; Latinoamerikako hainbat unibertsitaterekiko hitzarmenak jasotzen dira horren baitan. Bestetik, EHUk baditu bestelako alde biko akordioak eta lankidetza-sareak Kanadan, AEBetan zein Asian.

Hiru campusetan (Gipuzkoa, Bizkai eta Araba) badago EHUra iristen diren ikasle bisitariei harrera egiteko zentro bana, eta haien lana ikasleen egonaldi akademikoa errazten saiatzea da. Unibertsitateko ostatu-zerbitzuak lagundu egiten die helduberriei: pisu partekatuen, unibertsitate-egoitzen eta ikastetxe nagusien berri ematen die.

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Errektoreordetzak hizkuntza-ikastaroak antolatzen ditu atzerriko ikasleentzat, eta Diploma de Español como Lengua Extranjera (DELE) delako diplomaren bidez euren gaztelania maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko aukera ematen die Cervantes Institutuarekin elkarlanean.

ETORKIZUNA

Aipatutako ekintza guztiek herrialde ezberdinetako errealitateak elkarrengana hurbiltzea eta unibertsitateen arteko lankidetza estuagoa izatea ahalbidetuko dute. Gauzak horrela, etorkizunean, epe ertain edo luzera, egokia litzateke mugikortasun-programa horiek unibertsitate-ikasleen heziketa akademikoan sartzea, hau da, borondatezko esperientzia izatetik nahitaez bete beharreko prozesua izatera igarotzea.

Izan ere, 2009an egindako Lisboako Goi Bileran, Europako herrialdeetako Hezkuntza ministroek ildo horretatik doan xedea adostu zuten: 2020. urterako unibertsitate-ikasleen %20k parte har dezala nazioarteko mugikortasun-programaren batean.

Contenido patrocinado