EHUk Arabako campusean egingo du Unibertsitate Orientaziorako Azoka urtarrilaren 22an

Actualizado: domingo, 16 enero 2011 14:11

GASTEIZ, 16 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) aurten ere antolatu ditu Unibertsitate Orientaziorako Azokak, unibertsitate-aurreko ikasleen zalantzak argitu eta ikasketak hautatzen laguntzeko asmoz, eta urtarrilaren 22an Arabako campusaren txanda izango da. Azoka 9:00etatik 14:30ak arte egongo da irekita.

Azoka horietan, EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza emango diete ikasleei, bai EHUk eskainiko dituen gradu guztien gainean, bai eta unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.

EHUko iturriek azaldu dutenez, funtsean unibertsitate-aurreko ikasleentzat, haien gurasoentzat eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat prestatzen badira ere, azoka horiek edozein pertsonak bisita ditzake.

Campusak eskaintzen dituen gradu guztiei buruzko informazioa jaso ahal izango da, bai modu pertsonalizatuan, bai eta ikastegiek emango dituzten informazio-saio kolektiboen bidez ere. Informazio-saio horien ordutegia helbide honetan kontsulta daiteke: www.ehu.es.

EHUk urtero egiten du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean.

Lehen fasean, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako eta goi-mailako prestakuntza-zikloetako orientatzaileekin hainbat topaketa egin ziren, azaroan eta abenduan, "Unibertsitate Orientazioko Jardunbide Egokiak" izenburupean. Programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan, eta horietan parte hartzeko, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek.