EHUk atzerriko unibertsitateetan eta goi mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa antolatu du

Actualizado: lunes, 24 agosto 2015 17:00

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak), Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, atzerriko goi mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa eskainiko du. Ikastaroak ostiral eta larunbatetan izango dira, irailaren 25etik azaroaren 21era. Izena emateko epea irailaren 1ean zabalduko da, eta irailaren 15era arte egongo da zabalik.

   Etxepare Institutuko ordezkariek adierazi dutenez, hasieratik euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea izan da helburuetako bat. Prestakuntza irakurleek lekuan bertan dituzten berariazko premiak kontuan izanik diseinatu dugu eta atzerriko unibertsitateetan eta goi mailako zentroetan, Etxepare Euskal Institutuarekin dituzten lankidetzen bidetik, gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziatuei edo graduatuei zuzendutakoa da.

   Bi erakundeon artean sinatu den lankidetza hitzarmenari esker prestakuntza hori proposamen zehatzen bidez gauzatu ahal izango da. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntza, didaktika, metodologia, kultura nahiz zibilizazioa ardatz hartuta.

   Etxepare Institutuak adierazi duenez, ikastaroaren helburuak honako hauek dira: lanerako estrategia eraginkorra proposatzea euskara atzerriko hizkuntza gisa ezagutu eta eskuratzearen inguruan; euskararen berezitasunak eta espezifikotasuna testuinguru elebakarretan edota eleanitzetan; alderdi soziokulturaletan eta balioetan sakontzea, euskara bitarteko hartuta; eta atzerritarrei euskara irakasteko eta horiek euskara ikasteko prozesuetako trebetasunak eta gaitasunak optimizatzea IKTak eraginkortasunez erabiltzearen bidez.