EHUk bat egin du Euskaraldiarekin

EHUk bat egin du Euskaraldiarekin
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 21 septiembre 2018 13:34

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bat egin du Euskaraldiarekin, eta, atxikimendua adierazteko, ekitaldia egin du Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Nekane Balluerka errektorearen eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren parte hartzearekin.

Balluerkak adierazi du EHUk hasieratik argi izan duela Euskaraldia ekimena bere egitea, "norbanakoen borondateaz gain, elkarlana ezinbestekoa baita, erakundeen arteko elkarlana eta unibertsitatea osatzen dugun kideen arteko elkarlana".

Bestalde, EHUk euskararen alde egin duen eta egingo duen lan garrantzitsua azpimarratu du Zupiriak: "Euskara azkartzeko bide horretan, lekukoa ez ezik, gure unibertsitate publikoa protagonista ere izan da, eragile aktibo bat izan da, eta seguru gaude euskarari lotuta ate joka ditugun erronkei heltzeko orduan ere proaktiboa izango dela".

"Euskaraldia amaitu ostean, 12. eguna etorriko da, eta espero dut egun horretan gure campusak benetako euskararen arnasguneak izatetik hurbilago izatea", gaineratu du.

Ekitaldi berean omenaldia jaso dute joan den ikasturtean euskararen erabilera sustatzeko Aktibatu programan koordinatzaile lanean aritu diren irakasleek. Azpimarratu dutenez, Aktibatu "pizgarri garrantzitsua" izan da unibertsitateko kideen hizkuntza ohituren aldaketarako estrategiak lantzeko, euskararekiko konpromisoaren eta jokabidearen inguruan hausnartzeko eta erabilera sustatzeko praktika egokiak ezagutarazi eta partekatzeko.

Modu honetan, EHUn dagoen euskaldun kopurua kontuan hartuta, Euskaraldiak ahobizi edo belarriprest izatera animatu ditu unibertsitate komunitateko kideak. Euskaraldian izena emateko aukera izango da hiru campusetan: Arabakoan, http://izenematea.euskaraldia.eus/ehu-araba/; Bizkaikoan, http://izenematea.euskaraldia.eus/ehu-bizkaia/; eta Gipuzkoakoan, http://izenematea.euskaraldia.eus/ehu-gipuzkoa/