EHUk bere graduondokoen eskaintza osoa aurkeztuko du Master Astean

EHUko Bizkaia Aretoa
Europa Press
Actualizado: viernes, 4 marzo 2016 12:52

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Master Astea ospatuko du datorren astean hiru campusetan, "Aurkitu zure bidea" izenburupean. Jardunaldian, nahi dutenek unibertsitateko graduondokoen eskaintzaren berri izango dute, Master Astea "aukera ezin hobea" baita informazio zuzena jasotzeko programen arduradunen eta tituluetako irakasleen eskutik, bai eta joan diren ikasturteetako masterretako egresatuen eskutik ere.

   Kalitate handiko irakasleek eta irakasten diren gaietan espezializaturiko profesionalek maila goreneko prestakuntza eskaintzen dute EHUko graduondokoetan, eta ikasleei lagungarri izango zaie jardunaldia, ikasten jarraitzeko "bide onena" aukeratzeko, EHUko iturriek adierazi dutenez.

   Beste urteetan bezala, EHUk, astebetez, bere hiru campusetan aurkeztuko du 110 master ofizialek, 65 doktorego programak eta 30 titulu propiok baino gehiagok (espezializazio handiko eta lanera bideratutako titulazioak) osatutako eskaintza. Master Astea, zehazki, astelehenean Gipuzkoako campusean (Ignacio Mª Barriola zentroan), asteazkenean Araban (Lascaray Ikergunean) eta ostiralean Bizkaian (Bizkaia Aretoan) egingo da. Iazko Master Astean 1.500 bisitari izan ziren.

   Hiru campusetan antzeko jardunaldiak egingo dira. Inaugurazio edo hasiera ekitaldiaren ostean, zenbait egresatuk masterren gaineko ikuspegia azalduko dute; gero, diplomak banatuko zaizkie iazko ikasturteko ikasle onenei. Horren ondotik, standak ireki eta tituluei buruzko informazio saioak egingo dira.

   Jardunaldiak antzeko formatua izango du hiru campusetan. Hainbat standetan, master, doktorego programa eta berezko titulu bakoitzaren ezaugarriak azalduko zaizkio publikoari, batez ere azken urteko ikasleei eta espezializatu nahi duten titulatuei, master bat edo graduondoko eta etengabeko prestakuntzaren beste modalitate bat eginez. Standak irekita egongo dira 16:00etatik 19:00etara. Aldi berean, master batzuen irakasleek tituluen aurkezpenak egingo dituzte eta ikasleen zalantzak argituko dituzte.

JAKINTZA ARLO GUZTIAK

   EHUko graduondokoen eskaintzak jakintza arlo guztiak biltzen ditu (Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, eta Artea eta Giza Zientziak), eta ikasleak harremanetan jartzen ditu nazioarteko ikertaldeekin, teknologia zentroekin, enpresekin eta erakundeekin.

   Gainera, 700 hitzarmen baino gehiago ditugu sinatuak I+G+b zentroekin, erakundeekin eta enpresekin gure master eta doktorego programetarako, eta nazioarteko truke programetan ere parte hartzen dugu, Erasmus+ programan kasurako. Horri guztiari esker, ikasleek praktikak egin ditzakete inguruko enpresa edo erakundeetan, estatuan zein nazioartean mugi daitezke, eta errazago has daitezke lan merkatuan.