EHUk eta Achucarro zentroak neurodegenerazioaren arloko bikaintasun zentroen nazioarteko sarean parte hartuko dute

Fabio Cavaliere, Paula Ramos, Carlos Matute eta Hazel Gómez ikertzaileak
TERE ORMAZABAL
Actualizado: martes, 19 enero 2016 11:51

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Achucarro zentroak neurodegenerazioaren arloko bikaintasun zentroen nazioarteko sare berrian parte hartuko dute. Neurozientzien katedradun eta Achucarro zentroko zientzia zuzendari Carlos Matute da euskal taldeko burua, eta neuronak babesteko mekanismoak lortzeko nazioarteko sarean lagunduko du taldeak.

   EHUk jakinarazi duenez, CoEN partzuergoak (Centres of Excellence in Neurodegeneration, Neurodegenerazioaren arloko Bikaintasun Zentroak) oraintsu ebatzi du gaixotasun neurodegeneratiboei buruzko nazioarteko ikerketen sareak eratzeko deialdia, Alemania, Belgika, Kanada, Espainia, Frantzia, Irlanda, Italia, Erresuma Batua eta Eslovakiako bikaintasun zentroen artean (herrialde horietako osasun ikertzaileek osatzen dute partzuergoa).

   Soilik 11 sare iritsi dira hautaketaren azken fasera. Horien artean dago "Protection of neurons in vitro and in vivo from Synuclein toxicity by molecular tweezers" izenekoa, eta hor parte hartzen dute EHUk eta Achucarro zentroak, Unibertsitateko Neurozientziak Saileko katedradun eta Achucarro zentroko zientzia doktore Carlos Matute irakasleak zuzentzen duen bikaintasun ikerketa taldearen bitartez.

   Deialdian parte hartzeko, nahitaezkoa da nazioarteko akreditazioa duen bikaintasun zentro bateko kide izatea. Euskal laborategia, hain zuzen ere, Carlos III.a Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen Sareko Ikerkuntza Biomedikorako Zentroko (CIBERNED) kidea da.

   Matuteren laborategiek, Erwan Bezarden laborategiak (Bordeleko Unibertsitatea, Frantzia) eta Richard Wade-Martinsen laborategiak (Oxfordeko Unibertsitatea, Erresuma Batua) osatzen duten sareak aurrera egin nahi du gaixotasun neurodegeneratiboen ezagutzan eta tratamenduan. Zehazki, helburua da CLR01 izeneko "pintza molekularra" erabiltzea, Parkinsonen gaitza duten zelula ereduetan eta animalietan proteina amiloidogenikoen agregazioa eta toxikotasuna inhibitzeko. Horren guztiaren xedea da gaixotasun horri aurre egiteko terapia berri bat aurkitzea.

   CoEN sareak diruz laguntzeko hirugarren deialdi honen bidez (Pathfinder du izena), denera bost milioi euro emango dira hautaturiko 11 proiektuetarako. Proiektu guztiek ezaugarri bera dute: ikuspegi berritzailetik heltzen diete gaixotasun mota horretarako egungo erronka terapeutiko nagusiei.

COEN PARTZUERGOA

   Gaixotasun neurodegeneratiboen arloko bikaintasun zentroen nazioarteko partzuergoa, CoEN, 2010ean sortu zen, hainbat herrialderen arteko akordioari esker. Partzuergoko zentroek agenda berari jarraitzen diote garuna degeneratzen duten gaixotasunak ikertzeko. Gaixotasun horiek zahartzearekin loturiko nahasmenduak eragiten dituzte (alzheimerra eta parkinsona, adibidez).

   Achucarro Basque Center for Neuroscience Eusko Jaurlaritzak sustaturiko BERC (Basque Excellence Research Centres) ikerketa zentro bat da. Bertan, patronatukide gisa parte hartzen dute Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bioef Berrikuntza eta Osasun Ikerkuntzako Euskal Fundazioak.

   Achucarro zentroan neurozientzia ikertzen dute, eta helburu nagusia da garuneko gaixotasun neurodegeneratibo eta autoimmuneetarako terapia eta tratamendu berriak garatzeko ezagutza baliagarria lortzea.

   Zentroaren izena Nicolas Achucarro neurozientzialari bilbotarrari zor zaio: lehengoetarikoa izan zen garuna eta garuneko gaixotasunak ikertzen. Achucarro Santiago Ramón y Cajalen eta Alois Alzheimerren ikasle eta lankide izan zen, eta Europako eta AEBetako zentro entzutetsuan aritu zen ikertzaile. Karrera intelektual bikain hori, baina, 37 urterekin amaitu zitzaion, Hodgkinen linfomak jo baitzuen (bere buruari diagnostikatu zion).