EHUk eta Kroaziako Errepublikak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute

Ibarretxe, Goirizelaia eta Vrdoliak
Foto: EHU
Actualizado: martes, 7 julio 2015 11:35

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak eta Ivan Vrdoliak Kroaziako Errepublikako Gobernuko Ekonomia ministroak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, "Kroaziako Errepublikako euskal esperientzia nazioartean proiektatzeko eta partekatzeko". Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies zentroaren bidez gauzatuko da erakunde bien arteko hitzarmena; zentroko zuzendari Juan Jose Ibarretxe ere ekitaldian izan da.

   EHUk jakinarazi duenez, 2012tik, Agirre Lehendakaria Center-ek lankidetzan dihardu Kroaziako Errepublikako Ekonomia Ministerioarekin, esperientziak partekatzen, eta Kroaziaren eta Euskadiren arteko balizko elkarlanak aztertzen hainbat arlotan.

   EHUk eta Kroaziako ministerioak izenpetutako hitzarmenarekin, diziplina anitzeko ikasketen zentro horren bidez, zabaldu egingo da EHUk azken urteotan Euskadin hedatutako berrindustrializazio eta kluster politiken inguruan duen ezagutza. Hala, hemen izandako esperientzia eta jardunbide egokiak identifikatu eta Kroaziako ekonomian ezarri ahalko dira.

   Era berean, ekonomia eraldatzeko euskal eredua diseinatzen, ezartzen eta garatzen giltzarri izan diren pertsonen esperientzia eta ezagupena ere eramango da, ezagutzak trukatzeko, ideiak sortzeko eta aukera berriak detektatzeko.

   Horrez gain, EHUren eta Kroaziako Errepublikako Ekonomia Ministerioaren arteko lankidetzaren bidez, ikerketarako eta berrikuntzarako elkarrekiko programak sustatuko dituzte, proiektuak batera aurkeztuko dituzte Europako deialdietan, eta elkarrekin antolatuko dituzte jardunaldiak, biltzarrak eta jarduerak, eztabaidatzeko, aukerak detektatzeko eta ideiak sortzeko.