EHUk eta Montpellierreko Arkitekturako Goi Eskola Nazionalak titulazio bikoitzeko hitzarmena sinatu dute

Alan Derey (ezkerrean) eta Juan Jose Arrizabalaga
EHU
Actualizado: miércoles, 29 marzo 2017 15:41

BILBO, 29 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren bidez, titulazio bikoitzeko hitzarmen bat sinatu du Montpellierreko Arkitekturako Goi Eskola Nazionalarekin (ENSAM).Horrela, bi unibertsitateek elkarlanean jardungo dute hala graduko nola graduondoko ikasketetan.

Hain zuzen, EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko zuzendari Juan Jose Arrizabalagak eta Montpellierreko Arkitekturako Goi Eskola Nazionaleko zuzendari Alain Dereyk izenpetu dute bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena.

Titulazio bikoitza EHUko Arkitekturaren Oinarrietako Graduaren eta Montpellierreko Arkitekturako Goi Eskola Nazionaleko Master maila ematen duen Arkitekturako Estatu Diplomaren artean egingo da. Titulazio bikoitzak ez du gaikuntzarik ematen bi estatuetan lan egiteko, baina bidea ematen du EHUko Arkitekturan Gaitzeko Masterrera eta Frantziako HMNOP gaikuntza masterrera sartzeko. Montpellierreko Arkitektura Eskolak Arkitekturan Trebatzeko Programarako UNESCO-UIA ziurtagiria du.

Halaber, izenpetze ekitaldian, EHUko Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketa Unibertsitate Masterraren eta Montpellierreko Arkitekturako Goi Eskola Nazionaleko "Mastère Spécialisé en Architecture et Patrimoine Contemporaine" masterraren arteko titulazio bikoitzaren hitzarmena aurkeztu da.

Graduondoko titulazio bikoitz horrekin, graduko ikasketei eta eskola biek sinaturiko diploma bikoitzari jarraipena eman dakieke. Gainera, asmoa da master horrek ere Arkitekturan Trebatzeko Programarako UNESCO-UIA ziurtagiria lortzea, Montpellierreko eskolak bezala.

"Hitzarmen bikoitz honi esker, Europako unibertsitate politika bateratua ezar daiteke, eta arkitektura kulturaz gaindiko dimentsioan ikasi, mugaz haraindiko hainbat mailatan espazioaren eta ingurumenaren kultura sortzeko", esan du Arrizabalagak.