EHUk genero indarkeriako kasuez arduratuko den batzorde bat sortuko du

EHUk genero indarkerien aurkako protokolo berria dauka
EHU
Actualizado: jueves, 14 junio 2018 16:50

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) genero indarkerien aurkako protokolo berria prestatu du, genero indarkerietatik libre egongo den ingurune seguru bat eraikitzeko eta mantentzeko asmoz. Protokoloaren berritasun nagusia da genero indarkeriako kasuez arduratuko den batzorde bat sortuko dela. Gainera, protokolo berriaren bidez, EHUk konpromisoa adierazi du era honetako portaerak arbuiatu eta saihesteko, eta jarrera hauek desagerrarazi arte hartu beharreko neurri guztiak hartzeko.

Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Leire Imaz EHUko Berdintasunerako zuzendariak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak parte hartu dute Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean egin den aurkezpenean.

EHUko genero indarkerien protokolo berriak 2012an eginikoa ordezkatuko du. Dokumentua idazteko, parte hartzean oinarritutako eredu bat erabili da. Hain zuzen, EHUko 350 kidek baino gehiagok parte hartu dute, besteak beste, ikasleak, irakasleak, ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak. Gainera, kontuan izan dira beste unibertsitate batzuetako protokoloak eta Euskadiko eta Nafarroako administrazioetakoak.

"Dokumentu berrian, EHUk adierazten du genero indarkeriek eragiten dituzten jarrerak pertsona guztien berdintasunerako, osotasun fisiko nahiz psikikorako eta duintasunerako eskubideen aurkakoak direla, eta jakinarazten du ez duela genero indarkeria kasurik onartuko, eta beharrezko neurriak hartuko dituela jarrera eta portaera horiei irmotasunez aurre egin eta prebenitzeko, unibertsitatetik desagerrarazi arte", adierazi du Imazek.

Hortaz, EHUk konpromisoa hartu du portaera horiei aurre egin eta prebenitzeko, irmoki eta zorroztasunez. Zehazki, era honetako jarrerak eta portaerak gertatuz gero, laguntza emango zaie genero indarkeriak pairatu dituzten pertsonei, beharrezko baliabideak jarriko dira jazarpen kasuetan, irtenbideak bilatuko dira indarkeriak sortutako arazoentzat, eta inplikatutako pertsonen ingurunean emango dira ezagutzera. Ahal den guztia egingo da indarkeria ekintza errepika ez dadin, eta zigortu egingo da, kontuan izanik gertatutakoaren inguruabarrak eta baldintzak.

"Genero indarkerien aurkako protokolo berria tresna garrantzitsu bat da unibertsitatearen espazio fisikoan edo birtualean gertatzen diren genero indarkerien aurka egiteko, eta indarkeria horiek pairatzen dituzten edo pairatu dituzten unibertsitateko kideei entzuteko eta laguntza nahiz babesa eskaintzeko", gaineratu du.

Protokoloak honela definitzen du genero indarkerien kontzeptua: "genero arrazoiengatik eginiko indarkeria fisiko eta psikiko ekintza oro, sexu abusuak eta erasoak barne, baita sexu jazarpena eta sexuagatiko, genero identitate eta adierazpenagatiko edo sexu orientazioagatiko jazarpena ere".

Protokoloa aplikatuko da unibertsitatearen espazio fisikoan nahiz birtualean, ikasleen, administrazio eta zerbitzuetako langileen eta irakasle-ikertzaileen artean gerta daitezkeen genero indarkeriako adierazpen guztietan, EHUrekin duten lotura gorabehera (iraunkorra ala aldi baterakoa). Gainera, kanpoko enpresetako langileei, EHUk eskainitako zerbitzuen erabiltzaileei, edo unibertsitatearen campusaren barnean lanean ari diren pertsonei ere aplikatuko zaie.

NEURRIAK

Modu honetan, EHUk prebentzio neurriak hartuko ditu genero indarkeriako kasuei aurrea hartzen saiatzeko. Informazio, prestakuntza, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak egingo ditu, protokoloa bera unibertsitateko kideen artean zabaltzeko. Halaber, eskuliburuak, praktika egokien kode bat eta indarkerien aurkako berezko baliabideen eta kanpoko baliabideen gidaliburu bat argitaratuko ditu. Gainera, prestakuntza programak antolatuko dira, hala nola hitzaldiak, tailerrak edo eztabaida saioak.

Protokoloaren nagusia da batzorde bat sortuko dela genero indarkerien kasuak aztertzeko. Batzorde horretako kideak izango dira berdintasun teknikari bat, EHUko Prebentzio Zerbitzuko pertsona bat, Psikologia Aplikatuko Zerbitzuko kide bat eta EHUko Segurtasun arloko zuzendaria. Berdintasunerako Zuzendaritzak salaketak jaso eta dagokion txostena idatziko du. Txostena aztertu ondoren, batzordeak kexen edo salaketen inguruan erabakiko du.

Batzordeak honako neurri hauek hartu ahal izango ditu, kasuan inplikatutako pertsonaren edo pertsonen adostasunarekin: indarkeria pairatu duen pertsonaren edo pertsonen segurtasuna bermatzeko neurriak; indarkeria pairatu duen pertsona edo pertsonak Arreta Psikologikoko Zerbitzura bideratzea; indarkeria pairatu duen pertsona edo pertsonak kanpoko arreta zerbitzuetara bideratzea; salaketa jartzeko erabakian laguntzea, poliziaren aurrean edo epaitegian, hori eskatuko balu indarkeria pairatu duen pertsonak edo pertsonek; espediente akademikoa edo diziplina espedientea zabaltzeko eskatzea eta arazoa konpontzeko neurri espezifikoak hartzea.

EHUren arabera, indarkeria kasuetan erabiliko den jardun prozedurak bermatu egingo ditu pertsonaren intimitate eta duintasunaren babesa eta errespetua, eta kontsulta guztien konfidentzialtasuna. Gainera, arreta handiz arituko da salaketa egin duen pertsona bi aldiz biktima izan ez dadin; horrela, gertakizunen kontakizuna alferrik errepikatzea saihestuko da, eta ez da biktima identifika dezakeen daturik zabalduko.