EHUk gradu guztiei buruzko informazioa emango die etorkizuneko ikasleei Unibertsitate Orientaziorako Azoketan

Actualizado: lunes, 10 enero 2011 12:28

BILBO, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) aurten ere antolatu ditu Unibertsitate Orientaziorako Azokak, unibertsitate-aurreko ikasleen zalantzak argitu eta ikasketak hautatzen laguntzeko asmoz. Azoka horietan, EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza emango diete ikasleei, bai EHUk eskainiko dituen gradu guztien gainean, bai eta unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.

EHUko iturriek azaldu dutenez, funtsean unibertsitate-aurreko ikasleentzat, haien gurasoentzat eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat prestatzen badira ere, azoka horiek edozein pertsonak bisita ditzake.

Ondoz ondoko hiru larunbatetan egingo dira, egun bakoitzean campus batean. Lehen azoka Gipuzkoako campusekoa izango da, eta urtarrilaren 15ean egingo dute, Ignacio Mª Barriola eraikinean (Ikasgelategia). Arabako campusekoa urtarrilaren 22an izango da, Farmazia Fakultatean, eta Bizkaiko campusekoa urtarrilaren 29an egingo dute, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Sarriko). Azoka guztiak 9:00etatik 14:30etara egongo dira zabalik.

Azoka bakoitzean hiru campusetan eskainiko diren gradu guztiei buruzko informazioa jaso ahal izango da, bai modu pertsonalizatuan, bai eta ikastegiek emango dituzten informazio-saio kolektiboen bidez ere. Informazio-saio horien ordutegia helbide honetan kontsulta daiteke: www.ehu.es.

EHUk urtero egiten du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean.

Lehen fasean, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako eta goi-mailako prestakuntza-zikloetako orientatzaileekin hainbat topaketa egin ziren, azaroan eta abenduan, "Unibertsitate Orientazioko Jardunbide Egokiak" izenburupean. Programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan, eta horietan parte hartzeko, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek.