EHUk Ikerketa Jardunaldiak eta Berrikuntza Teknologikoko Enpresa eta Zentroen Jardunaldiak egingo ditu Leioan

Actualizado: martes, 7 febrero 2012 14:27
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) III. Ikerketa Jardunaldiak eta Berrikuntza Teknologikoko Enpresa eta Zentroak aurkezteko VII. Jardunaldiak inauguratuko dira asteazken honetan, otsailaren 8an, goizeko 10:00etan, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan, Leioako campusean.

   Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatuta, asteazkenetik ostiralera bitartean egingo diren jardunaldi hauek hitzaldiak, lan arlo desberdinetako zientzialarien arteko bilerak, ikerketa proiektu garrantzitsuenen erakusketak eta enpresa eta zentro teknologikoen eta karrerako azken urteak egiten ari diren ikasleen arteko topaketak bilduko dituzte.

   Ekitaldiaren inaugurazioan izango dira Begoña Ochoa Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendaria, Miguel Angel Gutierrez EHUko Ikerketa errektoreordea eta Esther Dominguez Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa.

   Inaugurazioaren ondoren, Fernando Cossio Ikerbasque Fundazioko presidente eta Kimika Organikoko katedradunak Euskadiko ikerketa egoerari buruzko hitzaldia eskainiko du, "Investigar en tiempos de crisis: ¿por qué no debemos hacer el I+D+iota?" izenburupean.

   Jardunaldiek irauten duten hiru egunetan bi ekitaldi egingo dira aldi berean, helburu bikoitzarekin. Alde batetik, Fakultateko ikerketa talde desberdinek ikastegiko sail desberdinetan gauzatzen duten ikerketa jarduera azalduko diote elkarri, baita karrerako azken mailetan ari diren ikasleei jarduera hori erakutsi ere. Ikerketa jardunaldi hauetan parte hartuko dute Fakultateko taldeek aztergaitzat dituztenen hurbileko gaietan diharduten ikerketa zentro batzuek ere: CICBiogune, CICBiomagune, CICNanogune, CICEnergigune eta Biofisika Unitatea, besteak beste.

   Bestalde, jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena egin zaie Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakasten diren gradu desberdinekin lotura duten arloetako berrikuntza teknologikoko enpresa eta zentro askori, ikastegian egiten den ikerkuntza erakusteko, lankidetza sinergiak sortze aldera. Berrikuntza Teknologikoko Enpresak eta Zentroak Aurkezteko Jardunaldi hauek aukera bikaina ematen dute ikasleak eta enpresak elkarrekin harremanetan jartzeko.

   Enpresek etorkizun profesionalaren inguruan orientatu ahal izango dituzte ikasleak, Biozientziak, Fisika, Ingeniaritza Elektronikoa, Matematika, Geologia, Kimika eta Ingeniaritza Kimikoa arloetan gehien eskatzen den profil zientifikoa zein den azalduz.

   Aurten honako 20 erakunde hauek parte hartuko dute: Histocell Ingeniería de Tejidos, Progenika Biopharma S.A., Bial-Aristegui, Mintegi Zientifiko Teknologikoa (EHU), OWL, AVS Added Value Solutions, ITP, NorayBio, GAIA elkartea, Azti-Tecnalia, Galdakao Ospitalea, EUSTAT Euskal Estatistika Erakundea, Geologoen Elkargo Ofiziala, Harrilur Geotecnia S.P.L., LURGINTZA Ingeniería geológica, DINAM Ingeniería S.L., Faes Farma, DTS OABE, Graphenea nanomaterials eta Vidrala.

   Jarduera horiek egiten diren bitartean, posterrak egongo dira ikusgai, modu iraunkorrean, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Grande Salle aretoan, gaur egun EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean egiten diren ikerketa proiektu garrantzitsuekin.