BILBO, 1 Sep. (EUROPA PRESS) -
GECEM Enpresen Lehiakortasunerako Kudeaketa Masterraren edizio berria martxan da, eta aurten bere egoitza aldatuko du, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikora, hain zuzen ere. Graduondoko ikastaro hau, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ekimen aitzindaria da, eta aukera ematen die Ingeniaritzako titulatuei eta Zuzenbideko, Ekonomiako eta bestelako goi titulazioko ikasleei enpresa-kudeaketaren alor desberdinetan sakontzeko. Aurten bere hamabosgarren edizioa betetzen du eta izen-emate epea zabalik dago.
Ikasturte berrian izena emateko epea, urriaren 15era arte dago zabalik eta aukeratutakoen matrikula egiteko epea irailaren 9an zabalduko da. Klase orduak, ostiraletan 16:00etatik 21:00etara izango dira, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara. Urriaren 22an hasiko dira klaseak.
Masterraren arduradunek aurkezpenean gaur adierazi dutenez, garai berri honetan, eta EHUko Berrikuntza Poloa izango denari esker, euskal enpresa-sarearekin duen harremanetan eta teknologia berrietan zein erreminta 2.0 alorreko ikerketan sakonduko du GECEM Masterrak.
Ingeniari, Ekonomista eta Abokatuen elkargoek, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Enpresa-Antolaketa Sailak, CEBEKek eta APDen Iparraldeko Ordezkaritzak antolatzen dute masterra, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Iberdrolaren babesarekin.
Bere 15. edizioaren aurkezpenean euskal instituzioetako arduradunek eta enpresa zein mundu akademikoko arduradunek hartu dute parte, promozio ezberdinetako ikasleekin batera. Gaur aurkeztu den ikasturteak dakarren ñabardura berri bat GECEMat ikasle ohien elkartearen parte-hartzea da, gero eta gehiago baitira. Elkarteak bere X. Bilkura egin berri du, eta mintegiak eta birziklapen profesionalerako ikastaroak antolatzen ditu urtero eta promozio ezberdinetako ikasleen arteko harreman sare bat eratzen du.
Bizkaiko Ingeniarien Elkargo Ofizialetik Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko hirugarren pisuan kokatzen den Enpresa Antolaketarako Gelara joateak, "unibertsitatearen gaurkotasunarekin harreman biziagoa" ahalbidetuko die parte-hartzaileei (ikasleei zein irakasleei), bai eta ikasturtean zehar garatzen ari diren proiektuetan, elkarlan-harreman zuzena edukitzea ere.
Gainera, I+Grekiko eta euskal enpresa-sarearekiko harremana sendotzeko, Masterrak Innobasque Berrikuntzarako Euskal Agentzian partaide izateko bideari ekin dio. Honetarako, Facebooken profil bat sortu du (Twitterren ere hala egingo du), sare sozialen bidez promozio ezberdinetako ikasleen artean etengabeko ideia trukaketa jarioa sustatzeko asmotan.
ENPRESA-SIMULAZIOA
GECEM Masterrak 15 hilabetetan banatutako 500 eskola-orduko iraupena du eta zeregin exekutiboetan edo zuzendaritza karguetan lan egiten edo egingo duten goi-titulazioko profesionalei zuzenduta dago. Graduatuei prestakuntza akademikoan argitu gabe geratu diren alderdiak argitzeko aukera ematea da helburu nagusia, baita ezaguerak trukatzea eta beren ikusmoldea aberastea ere, beti ere enpresen lehiakortasunari begira. Honela, geroko exekutiboei erabakiak hartzeko ezaguerak eta esperientzia emateaz gain, Masterrak, ezerezetik hasiz, enpresa proiektu bat garatzea eskaintzen die.
Ahalik eta diziplina anitzenez osatutako taldeak sortuz hasten da ekimen hau lehenengo egunetik, espezialitate, bizipen profesional, adin eta genero ezberdinez osatutako ikasle taldeak eratuz. Talde bakoitzak, egiazko enpresa baten jardueran sail guztiak garatu beharreko negozio plan bat diseinatu beharko du, merkatuaren ikerketatik hasi eta merkaturatzeko bideen diseinura arte, lokalizazio ikerketatik, finantziaziotik, ekoizpenerako bitartekoetatik eta lege alorretik pasatuz.
Azken edizioetan, energia berriztagarriak eta birziklapena izan dira ikasleen artean interes gehien piztu duten enpresa sektoreak eta titulatuek, "elektrolinerak" (ibilgailu elektrikoen horniketa zutabeak) edo eta biomasatik abiatuta, belaunaldi berriko bioerregaien garapena bezalako ideiak berritzaileak garatu dituzte.
Orain arte antolatu diren 14 edizioetan zehar, graduondoko 377 ikasle inguruk parte hartu dute GECEM Masterrean. Hauek, urte batzuen buruan beste babesle batzuek martxan jarri dituzten enpresa proiektuak garatu dituzte, gurasoek euren umeak ikus dezaketen kamarez hornitutako haurtzaindegiak direla, tilapia arraina hezteko arrain-haztegiak direla, alkoholik gabeko ardoen ekoizpena dela edo eta kontsumitzailearen gustura aukeratutako musika doinuekin grabatzen diren CD makina bat dela, adibidez.