EHUk 'Koke' Martinezen artelanak laga dizkio Artiumi

Ekitaldian izan diren ordezkariak
Foto: EHU
Actualizado: jueves, 2 julio 2015 14:45

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Jose Maria 'Koke' Martinez artistaren (Cabredo, Nafarroa, 1926 - Londres, 2009) zenbait artelan gordailuan laga dizkio Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoari, artistak berak EHUri laga zizkion 200dik gora artelanetatik. Espainiako gerra zibilaren ostean, Euskal Herritik herrialde ezberdinetara alde egindako 25.000 gerra haurretako bat izan zen 'Koke' Martínez.

   Javier Garaizar EHUren Arabako campuseko errektoreordea eta Ana Arrieta Gipuzkoako campuseko errektoreordea, Daniel Castillejo Artiumeko zuzendaria, artistaren testamentu betearazleak diren Carmen Kilner -Basque Children of 37 elkartearen bozeramailea- eta Nerea Mendikute, Francisco Javier Alonso Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate zuzendaria, Josu Rekalde EHUren Arte Ederren Fakultateko irakaslea, Arantza Fernandez Cayetano Cabredoko alkatea eta Rafa Cemea Maeztuko eskolako zuzendaria egon dira EHUk Artiumi egindako gordailua aurkezteko ekitaldian.

   Koke Martínezek 11 urte zituen beste milaka haurrekin batera Southamptongo (Britainia Handia) portura iritsi zenean 'Habana' ontzian. Aurrerantzean, Britainia Handian igaroko zuen bere bizitza osoa. Bere alde artistikoa garatzen jardun zuen gaztetatik, batez ere irudigintza eta margolaritza landuz, baina baita poesia bezalako beste diziplina artistiko batzuetan ere murgilduz.

   Bere pintura obra deskribatzerakoan, "misteriotsua, onirikoa, surrealista eta nahitako primitibismoa" duela esan daiteke. Britainia Handiko erbestean, Federico García Lorcaren lagun mina izan zen José Estruch izan zuen irakasle. Bere eragina nabaria da artusta nafarraren lanetan, baita surrealismo ingelesarena ere.

   Landu zituen gaien artean behin eta berriro agertzen dira aurpegi ugaridun buruak edo gizakia eta animalien arteko harremanean sakontzeko desioa, baita bere musa Mimiren hainbat erretratu eta autoerretratuak ere. Era askotariko gai horien artean ez dira falta Darwin, Churchill edo On Kixote bezalako pertsonaien erreferentziak eta kultura hispanikoari aipamenak.

   1946an, 20 urte zituela, 'Koke' Martínezek bere lehen erakusketa egin zuen, Londresko Archer Gallery galerian. Hortik aurrera, bere obra nazioarte mailan izan da ikusgai eta lan gehienak, gaur egun, bildumazale pribatuen esku daude Japonia, Italia, Frantzia, AEB, Espainia edo Hego Amerikako hainbat herrialdetan.