EHUk prestakuntza dualeko ibilbidea abiatuko du 2017-2018 ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan

Actualizado: miércoles, 3 mayo 2017 16:40

DONOSTIA, 3 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) prestakuntza dualeko ibilbide bat jarriko du martxan 2017-2018 ikasturtean Ekonomia eta Enpresa Fakultatean ematen den Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan, Gipuzkoan, Adegi Gipuzkoako Enpresa Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan emango den prestakuntza dualeko ibilbidea asteazken honetan aurkeztu da, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Donostian, eta ekitaldian parte hartu dute Agustin Erkizia Gipuzkoako campuseko errektoreordeak, Mikel Sarriegi Adegiko Ezagutzaren Kudeaketa eta Prestakuntzako zuzendariak eta Garikoitz Agote Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzako zuzendari nagusiak.

Halaber, ekitaldian izan dira EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekano Jon Barrutia, Ikastegiko dekanorde koordinatzaile Jose Mari Beraza eta Praktiken, Enpresekiko Harremanen eta Euskara dekanorde Itziar Azkue.

"Etengabe aldatzen ari den mundu honetan, goi mailako hezkuntza erakundeek ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua berritu behar dute, enpresen eskakizunei erantzuteko eta etorkizuneko profesionalen laneratzea hobetzeko gizarte eta ekonomia ingurunean", adierazi dute EHUko iturriek. Hain zuzen ere, erronka horri erantzuteko jarriko du martxan prestakuntza dualeko ibilbide hori.

Txandakatzearen helburua da enpresan eskuratutako gaitasunek unibertsitatean eskuratutakoekin bat egitea. Horrela, enpresek, euren beharrak asetzeko, modu aktiboan parte hartuko dute prestakuntza txandakatua jasoko duen ikaslearen gaitasunen profilaren diseinuan.

"Prestakuntza dualeko ibilbide honek gradu honetan matrikulatutako ikasleari ahalbidetuko dio kontratupean hartuko duen enpresaren errealitatea hobeto ezagutzea, eta lagungarria izango zaio ere ondorengo laneratzerako. Era berean, ekimen honek aukera bikaina ematen digu euskal unibertsitate publikoaren eta lurraldeko ehun ekonomikoaren arteko harremanak areagotzeko eta hobetzeko, eta hurbilketa horretatik lankidetza aukera berriak sortuko dira bi aldeentzat estrategikoak diren arloetan", Erkiziak nabarmendu duenez.

IKASKETA PLANAREN BAITAN

"Prestakuntza Duala: Unibertsitatea-Enpresa" EHUko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduaren ikasketa planean sartzen da, ibilbide berri gisa, eta graduaren hirugarren mailako bigarren lauhilekoan eta laugarren mailako lehen eta bigarren lauhilekoetan emango da. Ikasleek enpresa orientazioko bi irakasgai egin beharko dituzte ikastegian (10 ECTS), 775 orduko egonaldi bat enpresan (33 ECTS) eta, amaitzeko, enpresan egindako egonaldiari lotutako Gradu Amaierako Lan bat egin eta aurkeztu beharko dute (12 ECTS).

Ezarpenaren lehenengo urtean 15 plaza eskainiko dira, baina etorkizunean kopuru hori handitzea espero da. Ikasleak hautapen prozesu batean aukeratuko dituzte, eta prozesu horretan parte hartuko dute ikastegiak zein proiektuko partaide diren enpresek. Enpresaren eta ikaslearen arteko lotura ordaindutako lan kontratu baten bidez egingo da, eta enpresan egindako egonaldiaren jarraipena Ekonomia eta Enpresa Fakultateko tutoreak eta enpresako begiraleak egingo dute.

"Prestakuntza dualaren esparruan, EHUko errektorego taldearen estrategia esperientzia hau beste gradu eta master batzuetara zabaltzea izango da. Horren harira, 2017/18 ikasturtean Automobilgintza Ingeniaritzako Gradu berria ezarriko da Arabako campusean, eta gradu horretan ere prestakuntza dualeko ibilbide bat ezarri da", azaldu du Erkiziak.