EHUk Zabalduz Eguna ospatuko du asteazken honetan Bilbon, Urkullu buru dela

Actualizado: martes, 30 septiembre 2014 16:48

BILBO, 30 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Zabalduz Eguna ospatuko du asteazken honetan, urriaren 1ean, Bilbon, Bizkaia Aretoan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela. Zabalduz unibertsitatearen eta gizartearen artean ezagutza transferentzia sustatzeko programa da.

EHUk jakinarazi duenez, kardunaldia hori Zabalduz programa ezagutarazteko egingo da; Eusko Jaurlaritzak hiru miloi eurorekin finantzatutako eta 2013an abian jarritako ekimena da Zabalduz. Programak unibertsitatearen eta testuinguru sozioekonomikoaren arteko ezagutzaren transferentzia eta elkarlana sustatu nahi ditu. Elkarlan hori enpresek edo gizarte erakundeek proposatutako ikerketa proiektuetan txertatuko doktoregaien tesien bidez gauzatzen da.

Hala, EHUko 35 doktoregaik eta beste horrenbeste erakunde sozioekonomikok parte hartu dute programan. Horietako sei doktoregaik beren ikerlanak aurkeztuko dituzte Zabalduz Egunean hitzaldi laburren bidez, eta, gainera, beste guztiekin batera posterren bidez azalduko dituzte ikerlanak Axular eta Etxepare aretoetan.

Zabalduz programak ezagutzan eta berrikuntzan etengabe aurrera egiten duen gizartera eta ingurune produktibora egokitzeko prestatu nahi ditu doktoregaiak, hots, doktorego ikasketek ez dituzte karrera akademiko bat izateko bakarrik prestatu behar ikasleak, baita enpresa, erakunde eta instituzio berritzaileetan sartzeko ere.

Zabalduz ekimenaren helburuen artean daude pixkanaka graduatu doktoreen kopurua areagotzea; esparru guztietako I+G+B gaitasuna areagotzea, ezagutza errazago transferitzeko Unibertsitatearen eta gizartearen artean; enpresa eta gizarte testuinguruan lanpostu gaituak sortzen laguntzea; eta doktore maila lortzen duten pertsonen enplegagarritasuna areagotzea enpresa testuinguruaren barnean.

Halaber, doktoreek, ingurune produktibo eta sozialeko berrikuntza prozesuetarako funtsezko elementu gisa, gizartean duten irudiaren balorazioa hobetzea; eta, elkarrenganako ezagutza hobetuz, unibertsitatearen eta ingurune produktibo eta sozialaren arteko harremanak indartzea eta estutzea dira beste helburu batzuk.

Jardunaldiaren irekiera ekitaldia goizeko 09:00etan izango da, eta han egongo dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidentea.

Bestalde, Zabalduz Egunean, Jordi Marquet Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Kimika Organikoko katedraduna eta Iniciativa Henkel ekimenaren arduradunaren hitzaldia izango da: "Luces y sombras de la colaboración estratégica público-privada en investigación".

Jardunaldia mahai inguru batekin bukatuko da. "H2020: Doctorados industriales" izango du izenburua eta moderatzaile lanetan Fernando Plazaola EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea arituko da. Mahai inguruan parte hartuko dute Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Alberto García Erauzkin Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, Jordi Marquetek eta Eduardo Junkera Egile Corporation XXIeko presidenteak.