EHUko 2015eko unibertsitate orientaziorako lehen azoka larunbat honetan egingo da, Donostian

Actualizado: viernes, 23 enero 2015 13:38
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

Unibertsitate aurreko ikasleei ikasketen aukeraketan laguntzea du helburua

   DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egingo dituen unibertsitate orientaziorako hiru azoketatik lehena egingo da larunbat honetan, urtarrilaren 24an, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 14:00etara, Gipuzkoako campuseko Ignacio Maria Barriola zentroan, Donostian.

   EHUk jakinarazi duenez, unibertsitate orientaziorako azoka unibertsitate aurreko ikasleentzat, haien gurasoentzat eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat prestatzen da, baina edozein pertsonak bisita dezake. Helburua da unibertsitate aurreko ikasleen zalantzak argitzea eta unibertsitate ikasketen aukeran laguntzea.

   Azokan izango diren ikastegien standetan, EHUko irakasleek unibertsitateko gradu guztien gainean informazio zehatza emango diete ikasleei, modu pertsonalizatuan. Halaber, unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazioa emango diete ikasleei unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol jardueren, unibertsitate orientazioaren eta abarren gainean.

   Bestalde, informazio-saio kolektiboak ere antolatzen dira, eta horietako bat 10:30ean izango da, Ignacio Maria Barriola zentroko entzunaretoan. Zehazki, unibertsitatera sartzearen inguruko informazio saioa izango da (elebiduna).

HIRU CAMPUSETAN

   EHUren unibertsitate orientaziorako azokak hiru campusetan egiten dira, ondoz ondoko hiru larunbatetan. Gipuzkoako campusean egin ostean, Arabako campusean izango dira urtarrilaren 31ean, Farmazia Fakultatean, eta azkenik, Bizkaiko campusean otsailaren 7ean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Sarriko).

   EHUk urtero egiten du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik. Unibertsitate orientaziorako azokak programa horren baitan daude, haren bigarren fasean.

   Lehen fasean, unibertsitate aurreko ikasleei interesatzen zaizkien graduei buruzko Jarduera Praktikoak egin ziren, eta, programa amaitzeko, ate irekien jardunaldiak egingo dira, martxoan. Horietan parte hartzeko, urtarrilaren 30etik aurrera, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek edo unibertsitateko webgunean: www.ehu.eus/sou/jardunaldi-irekiak.