EHUko Arte Ederretako graduondoko ikasleek beren lanak erakutsiko dituzte Miarritzen

Actualizado: jueves, 7 febrero 2013 12:37

BILBO, 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikerketa eta Sormena Artean Masterreko 17 ikasleren lanekin osatuta dagoen "Mugaz Beste" erakusketa inauguratuko da ostiral honetan, otsailaren 8an, arratsaldeko 18:30ean, Miarritzeko Sainte-Eugenie elizako kriptan. Ekimen hau, EHUko Arte Ederren Fakultateak eta Miarritzeko Des Rocailles arte-eskola nagusiak sinatuta duten lankidetza hitzarmenaren baitan dago.

Erakusketa ostiral honetan ireki eta otsailaren 15era arte egongo da ikusgai, egunero, arratsaldeko 14:00etatik 18:00etara bitartean. Sarrera librea izango da, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

"Mugaz Beste" erakusketa kolektiboa formatu handi eta txikiko 34 artelanek osatzen dute, hala nola margoak, grabatuak, eskulturak, instalazioak eta abar. "Teknika ezberdinekin egindako lanak dira, ezaugarri oso ezberdinak dituztenak eta, horietako batzuk, gainera, oso ausartak dira", adierazi du Xabier Agirre EHUko Margolaritza saileko irakasle eta erakusketaren koordinatzaileak.

Agirrek gaineratu duenez, "arlo artistikoaz gain, erakusketa honek arlo akademiko garrantzitsu bat ere badauka, Des Rocailles eskolako ikasleei zein Iparraldeko jendeari gure masterretan egiten dugun lana erakusteko ere balioko duelako".