EHUko Bizkaiko campusak We Are Standard taldearen kontzertua antolatu du ikasleei ongietorria egiteko

We Are Standard
Keina Garcia/EHU
Actualizado: viernes, 23 septiembre 2011 16:00

BILBO, 23 Sep. (EUROPA PRESS) -

We Are Standard taldeak kontzertua eskainiko du datorren astelehenean, irailaren 26an, eguerdiko 12:00etan, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Areto Nagusian, Leioa-Erandio eremuan. Ekitaldi honekin, Bizkaiko campusak 2011-2012 ikasturteko ikasleei ongietorria egingo die eta BizBAK Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura egitasmoaren aurtengo kultura-jarduerak inauguratuko ditu. Kontzerturako sarrera irekia izango da.

EHUtik adierazi dutenez, We Are Standard talde getxotarrak 2005ean FIB jaialdiak antolatutako talde berrientzako txapelketa irabazi zuen. 2006an arreta handia sortu zuen "3.000 V 40.000 W" diskoa kaleratu zuten eta ehun kontzertu baino gehiago eman zituzten biran.

Bi urte geroago bigarren lana argitaratu zuten, "We Are Standard", hau ere Mushroom Pillow disko etxearekin. Disko horrek MTV Awards-en Espainiako Talderik Onenaren saria irabazi zuen, oso gauza arraroa diskoetxe independente bateko taldea izanik, eta nazioarteko bira luzea hasi zuten.

2010ean, zuzeneko emanaldiei eutsi zieten, eta remix disko bat egin zuten, "The Golden League" izenekoa, hainbat artistaren parte-hartzearekin, hala nola John Talabot, CFCF, David E. Sugar edo In Flagranti. Gainera, diskoa Erresuma Batuan argitaratu zuten.

Gaur egun UFIk (Unión Fonográfica Independiente) antolatutako Musika Independientearen 3. Sarien finalera heldu diren taldeetako bat da, Zuzeneko Onenaren kategorian. "Hedonismoa, ongi pasatzea eta bat egitea: horra zer den We Are Standard", diote bere webgunean.