'Ekaia' aldizkariak "Kannabisaren hamar aurpegiak" aztertu ditu bere zenbaki berrian

Actualizado: jueves, 13 febrero 2014 13:52
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   'Ekaia' Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko aldizkariak kannabisaren inguruko eztabaida ikuspuntu askotariko eta desberdinetatik aztertzen dituen zenbaki berezia plazaratu du. "Kannabisaren hamar aurpegiak" izenburupean, hamar artikulutan, landare horrek gizartean, osasunean, ekonomian eta norberarengan izan ditzakeen abantaila eta desabantailak ezagutzera ematen dira, zuzenbidea, ekonomia, biologia, kimika, farmakologia edo fisiologia arloetako adituen bitartez.

   Iker Val Euskadiko Kalamuaren Elkarteko (EUSFAC) presidenteak zenbaki berezi honen hitzaurrean adierazi duenez, "kannabisa aipatzen den bakoitzean, gehienetan, zigarroa, gazteria, droga eta abar datozkigu burura, eta albo batera uzten ditugu medikuntza, osasuna edota lasaigarria bezalako arloak". "Horregatik, ale berezi honekin, hainbeste eztabaida pizten dituen landare hau bere osotasunean ezagutzera eman nahi dugu, Euskal Herrian ditugun adituei hitza emanaz", dio.

   Hamar artikulu horietan, besteak beste, kalamuak urteetan zehar izan dituen erabileren (ehun zuntz gisa, olio askoko elikagai gisa, sendagai edo droga psikotropiko gisa) nondik norakoen azalpena eta kalamu landarearen ezaugarri morfologiko eta anatomiko bereizgarrienen deskribapena egiten da. Era berean, landarea kontsumitzeko modu desberdinak ere aipatzen dira, eta modu horien berezitasunak ere, gaur egun merkatuan dauden kannabinoide garrantzitsuenetarikoen sintesiaren azterketaren bidez.

   Bestalde, Cannabis Sativa edo marihuana noiz eta zenbat kontsumitu den jakiteko analisi metodo berrien garapenaren beharrizana ere azaltzen da, Cannabis Sativaren osagai nagusiaren efektu psikoaktiboak istripu edo ondorio latzen eragile izan daitezkeelako eta informazio hori ezinbestekoa delako ikerketa batean argibideak izateko.

   Aldizkariaren arduradunek azaldu dutenez, jakina da kalamua aspalditik erabili dela zenbait gaixotasuni aurre egiteko. Hori dela eta, ikuspuntu zientifiko batetik, kannabisaren eta bere eratorkinen terapia erabileraren analisia ere egiten da 'Ekaia' aldizkariaren zenbaki berezi honetan, gaur egun dauden ebidentzia zientifikoak azalduz.

   Beste alde batetik, hainbat egilek, kannabisa legez kanpo jartzeko arrazoiak ez duela inongo zientzia oinarririk edo, ikuspuntu ekonomikotik, kannabisari buruzko politiken norabidea berrikusteko beharra dagoela ere defendatzen dute. Depresioa eta antsietatea bezalako gogo aldartearen asalduretan eta eskizofrenia gaixotasunean ikusitako sistema endokannabinoidearen parte hartzeari buruzko ebidentziak ere aztertzen dira aldizkarian.

   Halaber, sistema endokannabinoidearen modulazioa estrategia terapeutiko berri bezala erabiltzea proposatzen dute adituek mugimenduaren asaldurak (Parkinsonen gaixotasunean gertatzen den bezala) tratatzeko, eta, era berean, sistema kannabinoideak, nerbio sistema zentralaz gain, beste ehun periferikoetan duen eragina ere sakonean aztertzen da.

'EKAIA'

   'Ekaia' zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko aldizkaria 1989. urtean kaleratu zuen bere lehen zenbakia. Euskaraz idatzitako eta oinarrizko hezkuntza zientifikoa duten irakurleei bideratutako dibulgazio aldizkaria da, urtean behin argitaratzen dena.

   Bere helburuen artean daude zientzia eta teknikaren alorretan egiten diren aurrerapenak plazaratzea, unibertsitateko ikasleei zein irakaskuntza ertaineko irakasleei testuliburuen osagarriak izango diren materialak eskaintzea, esparru zientifiko teknikoan euskararen estandarizazioa bultzatzea, eta esparru honetan hizkuntzaren erabilerak sortzen dituen arazoak konpontzen laguntzea.

   Aldizkariaren arduradunek, egunetik egunera aldizkaria euskal komunitate zientifikoan ezagunagoa eta erabiliagoa izan dadin, lanak euskaraz idatzi eta bidaltzeko gonbidapena egin du. Ekarpenak OJS (http://www.ehu.es/ekaia) on line sistemaren bidez bidali daitezke.