EHUko ikasle batek Ilargiaren eremu zabal baten kartografia geologikoa egin du

Aitor Bastarrika ikerketaren zuzendaria (ezkerrean) eta Iñaki Ordoñez egilea
EHU
Actualizado: jueves, 24 mayo 2012 14:14

BILBO, 24 May. (EUROPA PRESS) -

Iñaki Ordoñez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Topografia Ingeniaritza Teknikoko ikasleak "Ilargiko Kartografia Geologikoa" izenburua hautatu du karrera bukaerako proiekturako. Gasteizko Ingeniaritza Eskolan ikasi du Ordoñezek Topografia Ingeniaritza Teknikoa, eta bere ikerketan, Ilargiaren ageriko aldean dagoen eremu bat aztertu du, betiere topografiari eta geologiari dagokienez.

Hain zuzen ere, EHUko ikasleak aztergai izan duen gunearen koordenatuak hauek dira: 22º N latitudea eta 49º W longitudea. Eremuak 10.000 kilometro koadro inguruko azalera du, eta betan Aristarko kraterra dago. Inguru horretan dago, hain justu, material geologikoei dagokienez aniztasun gehien duen Ilargiko zonaldeetako bat.

EHUtik jakinarazi dutenez, proiektuari ekin ahal izateko, aurretiaz, Ilargiaren inguruan biraka dabiltzan sateliteek lortutako irudiak behar izan ditu Ordoñezek. Irudi horiek aztertuz eta ebaluatuz, beharrezko informazio topografikoa eta geologikoa eskuratu du, bi motatako ezaugarri horiek mapa bakarrean, helburukoan, integratu ahal izateko. Horrez gain, ikerketan beste zailtasun bati ere aurre egin behar izan dio; izan ere, kartografian erabili ohi diren programak, oro har, Lurraren gainazalean erabiltzeko baitaude diseinatuta, eta ez, ordea, Ilargiko mapak egiteko.

Oztopo tekniko horiek konpondu ondoren, orain arte egindakoen gainetik bereizmen onena (1/350.000) duen Aristarko kraterraren kartografia geologikoa sortu du ikerketaren egileak, proiektuaren azken emaitza gisa. Bestalde, material geologikoen sailkapenari dagokionez, azterketa honek fidagarritasun handia du tankerako beste ikerlan batzuetan lortutako emaitzekin modu kualitatiboan alderatuz gero.

Ordoñezek egindako ikerketak ez du berehalako aplikazio praktikorik, baina gizakiak beti izan du Ilargia esploratzeko interesa; horren erakusgarri gisa, 1959. urtetik xede desberdinetako 75 misio baino gehiago bidali direla esan daiteke, tripulatzaileekin zein gabe. Bestalde, duela gutxi hainbat herrialdek Ilargira bidaia gehiago egiteko interesa agertu du, oraingoan tripulatzaileekin; are gehiago, bertan zientzia base iraunkorra ezartzeko aukera ere aztertu dute.

Horrelako aukerak gauzatuz gero, Ordoñezek egindako ikerketak eta tankerako beste zenbaitek interes berezia jasoko lukete, Ilargiaren orografia eta osaera geologikoari buruzko informazioa eskainiko luketelako, eta hori, hain justu, funtsezkoa da misioak ongi beteko badira.

METODOLOGIA

Proiektuaren abiapuntu gisa, Ilargiaren misio desberdinetako sateliteek hartutako irudien artean kartografia eta geologia aldetik informazio garrantzitsua izan zezaketenak bilatu eta bildu zituen ikertzaileak lehendabizi. Ezaugarri horiek zituzten irudiak aurkitu ondoren, teledetekzio teknikak erabiliz mapa geologikoa eratzeko informazio garrantzitsua ateratzea lortu zuen.

Zehazkiago, ikerlanean aztertu den eremuaren mapa egiteko behar zuen informazioa NASAk eta JAXA Aeroespazioa Esploratzeko Japoniako Agentziak egindako misioetako batean aurkitu du Ordoñezek. Oro har, 'Selene' misio japoniarrak hartutako irudiak baliatu ditu ikerketan, mapa geologikoa egiteko beharrezko informazioa bildu ahal izateko.

Sonda horrek lortutako irudiek 62 metro dituzte pixel bakoitzeko, espazio bereizmenean betiere, eta espektro elektromagnetikoaren gertuko infragorriaren eta ikusteko heinaren eragina jasotzen dute; horiek aztertzeari esker, materialak sailkatu ahal izan dira, eta hala, aztertu den eremuari dagokion mapa geologikoan islatu dira.

Ordoñezen azterlanak arlo horretan berrikuntza esanguratsurik eskaini ez duen arren, ikerketari esker, Ilargiaren azaleraren ezaugarri nagusiak gogora ekarri dira. Ilargiaren orografiari dagokionez, mendiz, kraterrez eta bestelako egiturez betetako mundua da. Ikerketan aztertutako eremuan, esaterako, bi krater handi bereiz daitezke: aipatutako Aristarko kraterraz gain, Herodoto kraterra ere argi ikus daiteke.

Ilargian krater ugari dago, besteak beste meteorito askok bertako gainaldearen aurka talka egiten dutelako, eta ez dagoelako agente atmosferikorik kolpe horien ondorioz sortutako kraterrak higatzeko. Lurrean, aldiz, planetaren aurka jotzen duten meteorito gehienak kiskaltzen dituen atmosfera dago, eta horri esker meteoritoak lurrazalera iristea saihesten da. Ilargian, ostera, ez dago atmosferarik, edo bestela esanda, ez dago fenomeno horien aurkako babes eraginkorra emango duen ezkuturik.

Bidenabar, Ilargiaren geologiak ere meteorito horiekin talka egitearen eragin nabarmena jaso du. Horren haritik, besteak beste, kolpeen energia izugarriak sortutako magma handia nabarmendu behar da, hozterakoan arroka igneo gisa gogortzen dena; egoera horiek guztiak batuz gero, sumendi itxurako paisaiak sortzen dira, eta horiek, hain justu, Ilargiko berezko iruditzat jotzen dena eratzen dute.

EGILEA

Iñaki Ordoñez Etxeberriak (Iruñea, 1976) Ilargiko Kartografia Geologikoa ikerketa karrera bukaerako lan gisa egin du. Topografia Ingeniaritza Teknikoa ikasi du, gaur egun Geomatika eta Topografiako Ingeniaritzako Gradua dena, EHUren Gasteizko Ingeniaritza Eskolan. Proiektua Aitor Bastarrikak zuzendu du, aipatutako eskolako Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko kideak.

Kartografia eta Geologia arloei dagokienez, ikerketan baliatutako ezagutzak maneiatzeko, batik bat Ingeniaritza Eskolan jasotako prestakuntzan oinarritu da Ordoñez. Besteak beste, Astronomia, Geomorfologia, Geodesia, Kartografia eta Teledetekzio irakasgaiekin osatu ditu titulazioko ikasketa akademikoak, eta eskolako teleskopioa ere erabili du.

Halaber, autodidakta gisara ere ikertu du, gaiari buruzko zientzia artikuluak irakurriz, interneten informazioa bilatuz, beste herrialde batzuetako adituekin harremanetan jarriz eta abar.