EHUko ikasleek master amaierako lanak eta doktorego tesiak Euskaltzaindian egin ahal izango dituzte

Actualizado: jueves, 15 octubre 2015 17:06

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) lankidetza hitzarmen berria sinatu dute bi erakundeen arteko elkarlanean esparru berri bat zabalduz, Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologiako master eta doktorego programan matrikulatutako ikasleen master amaierako lanak edo doktorego tesiak zuzentzeko xedearekin.

   Hitzarmena Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute. Eurekin batera Nekane Balluerka EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea eta Adolfo Arejita Euskaltzaindiko Iker sailburua izan dira.

   Hala, bi erakundeen arteko engaiamenduari esker, Euskaltzaindiak Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterreko eta doktorego programako ikasleak hartuko ditu, praktikak eta ikerketak egin ditzaten bere zentroetan, hots, Bilboko egoitzan, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean eta gainerako ordezkaritzetan.

   Izan ere, indarrean dagoen arautegiaren arabera, masterretan kolabora dezakete unibertsitateko irakasleak ez diren profesional edo ikertzaileek, betiere masterreko batzorde akademikoak gainbegiratzen badu eta ikertzailearen erakundearen baimena lortuta. Horrek esan nahi du, sinatu den hitzarmenaren ondorioz, Euskaltzaindiko kideek parte hartu ahal izango dutela ikasle edo doktoregaien prestakuntza jardueretan.

EUSKAMPUS

   Euskaltzaindiak Euskampus proiektuari atxikitzeko hitzarmen bat sinatu zuen 2010eko maiatzean. EHUk, Tecnalia eta DIPCk bultzatutako proiektu horrek Nazioarteko Bikaintasun Campus kalifikazioa dauka, Espainiako Hezkuntza Ministerioak emana, eta gaur egun haren garapena Euskampus Fundazioaren ardurapean dago.

   Fundazioa Euskampus proiektuari atxikitako erakundeen bizkarrezurra da, eta lehendik zeuden lankidetza harremanak sendotzeaz gain, elkarlanerako esparru berriak ere eratzen ditu. Testuinguru horretan kokatzen da, beraz, Euskaltzaindiak eta EHUK abian jarri duten elkarlanerako esparru berria.

   Euskaltzaindian euren lana egin nahi duten master eta doktoregoko ikasleek bi erakundeotako ordezkari banarekin egin beharko dute lan: batetik, EHUko tutore akademikoarekin, eta bestetik, lanaren zuzendaria izango den Euskaltzaindiko kidearekin.

   Era berean, Euskaltzaindiak erakundeari loturiko begirale bat izendatuko dio ikasle bakoitzari, eta hark antolatuko ditu prestakuntza jarduerak, praktika programaren arduradunarekin eta ikaslearen tutorearekin ados jarrita.