EHUko irakasle baten tesiak egungo simulazio ereduak aztertu ditu XXI. mendeko klima aldaketetan aplikatzeko

Actualizado: jueves, 9 enero 2014 13:20
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Ingeniaritza Nuklearra eta Fluidoen Mekanika Saileko irakasle Iñigo Errastik XXI. mendeko klima aldaketetan aplikatzeko egungo simulazio ereduak aztertu ditu nazioarteko aipamena duen bere doktoretza tesian. "Evaluation and diagnosis of coupled climate models included in the UN IPCC Fourth Assessment Report" (NBEko IPCCren laugarren ebaluazio txostenean jasotako eredu klimatiko uztartuen ebaluazioa eta diagnostikoa) da tesiaren izenburua.

   Agustin Ezcurra eta Jon Saenz doktoreek zuzendu duten tesian, XXI. mendeko klima simulatzen duten Zirkulazio Orokorraren Eredu Klimatikoak eta, beraz, gerta daitezkeen klima aldaketak aztertzen dira eta horien balioztatze estatistikoa egiten da, kontuan izanik berotegi efektuko zenbat gas igorriko litzatekeen atmosferara egoera desberdinetan, gizarteak izan ditzakeen garapen teknologiko eta industrial desberdinen arabera.

   EHUko iturriek adierazi dutenez, Zirkulazio Orokorraren Eredu Klimatikoen (ZOE) simulazioek egungo klimaren erreprodukzioan duten kalitatea ebaluatzeko hainbat metodologia garatu, egiaztatu, doitu eta erabiltzea izan da tesiaren helburu nagusia.

   Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearen (IPCC) laugarren ebaluazio txostenean (AR4) jaso diren ereduak ebaluatzeko eta elkarrekin erkatzeko azterketen esparruan, hiru ikerketa egin dira Zirkulazio Orokorraren Eredu Klimatikoak balioztatzeko, eskala desberdinetako hainbat eremu geografiko aztertuz, hala nola Iberiar Penintsula, Ipar Atlantikoa eta, azkenik, Lur osoa.

EREDU ONENAK

   Behaketen emaitzak hobekien islatzen dituzten ereduak zeintzuk diren jakiteko -lehenengo urrats hori egin behar baita Euskal Herria bezalako eskualde batean etorkizunean eskala murrizketa edo 'downscaling' ariketak egin aurretik-, simulatutako urtaroen zikloak, itsas mailako presioaren probabilitate dentsitatearen funtzioak (PDFak), gainazaleko airearen tenperaturak eta prezipitazioak erkatu dira 1979-1998 eta 1961-1998 aldietan behatutako balioekin, hainbat indize eta metodologia erabiliz, espazio eskala desberdinetan, hileko eta eguneko oinarrien gainean.

   Lortutako emaitzek erakusten dute laugarren ebaluazio txostenean jaso diren eta IPCCren datu biltegietan eskuragarri dauden eredu klimatiko guztietatik, gutxi batzuk gai direla klima besteek baino hobeto erreproduzitzeko, aztertutako aldagaien eta denbora tartearen, erabilitako metodologiaren eta aztergai diren hiru eremu geografikoetarako kalkulatutako metriken arabera.

   Iñigo Errasti berak dioenez, "XX. mendea ondo simulatzen duten ereduek bakarrik balioko dute XXI. mendeko klima aldaketak hobeto iragartzeko".

   Euskal Herriko Unibertsitateko Klima, Meteorologia eta Ingurumen Taldeko (EOLO) kidea da Iñaki Errasti irakaslea. EHUko ikerketa talde finkatu horren helburua da eredu klimatikorik onenak bilatzea, gero, bigarren fasean, Euskal Herriko klima aldaketari buruzko iragarpenak egin ahal izateko.

   Talde horrek hainbat arlotako ikerketak egin izan ditu; esate baterako, klima aldakortasuna aztertu du eta, bereziki, prezipitazioaren eta tenperaturaren aldakortasunaren kausa fisikoak identifikatzen saiatu da zenbait eremutan, besteak beste, Kantauri itsasoko ertzean, Iberiar Penintsula osoan edo eremu mediterraneoan. Azken urteotan esperientzia handiagoa hartu du denbora eskala askotan klimaren simulazioak egiten, zenbakizko modelizazioko sistema aurreratuak erabiliz.