EHUko Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoa munduko 30 unibertsitate-museo miresgarrienetako bat da

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 16 mayo 2013 20:17

BILBO 16 May. (EUROPA PRESS) -

Sailkapen bidez unibertsitateei buruzko argibideak ematen espezializatuta dagoen Best Colleges Online webguneak munduko 30 unibertsitate-museo miresgarrienen zerrendan sartu du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Zientziaren Historiaren Euskal Museoa. Zerrenda hau osatzeko unean kontuan izan dituzte erakundeen arkitektura, baliabideak eta, batez ere, bilduma funtsak edota unibertsitatearen baitan betetzen duten irakaskuntza-funtzioa bezalako ezaugarriak, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

Medikuntza eta Zientziaren Historiaren Euskal Museoaren aipamenean azpimarratzen den bezala, "XIX. eta XX. mendeetan Euskal Herriko sendagileek, ospitaleek eta beste erakunde batzuek erabili dituzten 6.000 objektu baino gehiagoz osatutako bilduma bat dauka, bai eta aldi bereko medikuntza entziklopedia eta liburuez osatutako liburutegi handi bat ere, medikuntza garaikidearen historia kolektiboa gordetzen duena".

EHUkoarekin batera, zerrenda horretan, besteak beste, AEB, Kanada, Britainia Handia, Alemania, Frantzia, Italia, Australia, Singapur edo Israel bezalako herrialdeetako unibertsitate-museoak ere agertzen dira.

Medikuntza eta Zientziaren Historiaren Euskal Museoa 1982. urtean sortu zuen Jose Luis Gotik eta, gaur egun, Anton Erkoreka irakaslea da zuzendaria. Ondare zientifikoa gordetzeaz gain, museoak, zentro unibertsitarioa den neurrian, ikerketa eta irakasle betebeharrak ere baditu.

Ikerketan, geofisika, meteorologia edo gaixotasunen historia bezalako gaien ikuspegi globala tokian tokiko errealitatearen interesarekin batzen ditu osasun eta zientzia arlo desberdinetan, eta irakaskuntzaren arloan, Mintegi Gelan klase magistralak eta mintegiak ematen dira eta osasun arloarekin zerikusirik duten titulazio ikasgai desberdinei buruzko praktikak ere egiten dira.

Beste alde batetik, ostiral honetan, maiatzaren 17an, EHUko Medikuntza eta Zientziaren Historiaren Euskal Museoak ateak zabaltzeko eguna egingo du, larunbatean ospatzen den Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Museoa irekita egongo da 9:00etatik 14:00etara bitartean, eta 11:00etan bisita gidatua eskainiko da.

Contenido patrocinado