EHUko Unibertsitate-Orientaziorako Azoka egingo da larunbatean Bilboko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean

Actualizado: miércoles, 26 enero 2011 17:43

BILBO, 26 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bere Unibertsitate-Orientaziorako Azokaren azken jardunaldia egingo du larunbatean Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Sarriko), Bilbon, 9:00etatik 14:30etara. Gradu guztiei buruzko informazioa zabalduko da ekitaldian unibertsitate-aurreko ikasleen artean, haien zalantzak argitu eta ikasketak hautatzen laguntzeko asmorekin.

Azoka hauetan, EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza eman diete ikasleei, bai EHUk eskainiko dituen gradu guztien gainean, bai eta unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.

Funtsean unibertsitate-aurreko ikasleentzat, haien gurasoentzat eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat prestatzen badira ere, azoka horiek edozein pertsonak bisita ditzake. Ondoz ondoko hiru larunbatetan egin dira, egun bakoitzean campus batean. Gipuzkoako Campusekoa dagoeneko izan da, Ignacio Mª Barriola eraikinean, urtarrilaren 15ean, bai eta Arabako campusekoa ere, urtarrilaren 22an, Farmazia Fakultatean.

Azoka bakoitzean hiru campusetan eskainiko diren gradu guztiei buruzko informazioa jasotzen da, bai modu pertsonalizatuan, bai eta ikastegiek emango dituzten informazio-saio kolektiboen bidez ere.

EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean.

Lehen fasean, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako eta goi-mailako prestakuntza-zikloetako orientatzaileekin hainbat topaketa egin ziren, azaroan eta abenduan, "Unibertsitate Orientazioko Jardunbide Egokiak" izenburupean. Programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan, eta horietan parte hartzeko, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek.