EHUren Micaela Portilla Ikergunea inauguratu dute, Gasteizen

Micaela Portilla Ikergunearen inaugurazioa
IREKIA
Actualizado: lunes, 10 abril 2017 13:47

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Micaela Portilla Ikergunea inauguratu dute astelehen honetan, Gasteizen, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru izan duen ekitaldian. EHUren Arabako campuseko espazio berriak 7.000 metro koadrotik gorako azalera dauka, eta Giza eta Gizarte Zientzietan ikerketa zientifikoak bultzatzeko sortu da.

Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzak "bikaintasunarekin duen konpromisoa" nabarmendu du Urkulluk, eta horretarako, 2020ra arte ikerketara zuzendutako dirua urtero %5 gehituko dela agindu du.

Urkullurekin batera, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Nekane Balluerka EHUren errektorea, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ivan Igartua Arabako campuseko errektoreordea, Jose Luis Martin Ikerketaren arloko errektoreordea eta Arturo Muga Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea egon dira ekitaldian, eta aukera izan dute zentro berriaren instalazioak bisitatzeko.

ERREFERENTZIA

Micaela Portilla Ikergunea abian jarrita, "ikerketaren erreferentzia" bilakatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) landuko dituen eremuetan, gaur egun ez baitago antzeko ezaugarririk duen zentrorik. Bertan, aukera izango dute diziplina zientifiko horietako bikaintasun ikertaldeek hainbat baliabide eskueran izateko -gune bereziak, laborategiak eta azpiegitura teknikoak eta giza azpiegiturak-, betiere kalitateko ikerketari ahalik eta erantzunik onena eman diezaioten.

Eraikin berriak hizkuntzalaritzako bi laborategi (Hizketaren Pertzepzioko Laborategia eta Hizkuntzalaritza Esperimentaleko Laborategia) eta Arkeologiako hiru laborategi ditu. Gainera, eremu partekatu batzuk -batez ere mintegietarako eta emaitzak aurkezteko lan gelak- eta ekitaldi areto ditu. Bestalde, ikerguneak barnean hartu ditu Chair on Cultural Landscapes and Heritage Unesco Katedra eta Arabako campusaren Master eta Doktorego Eskolaren egoitza.

Urkulluk ziurtatu du hezkuntzak eta ikerketak "funtsezko zeregina" betetzen dutela Euskadi "bikaintasun lurralde" bilakatzeko estrategian. Helburu horrekin, Jaurlaritzak I+G+B arloan urtero finantziazioa %5 gehitzeko konpromisoa hartu du, eta horrela dago jasota asteartean Eusko Legebiltzarrean onetsiko den 2017rako Aurrekontuan. "Euskal Gobernuak bikaintasunaren alde lan egiteko konpromisoa partekatzen du. Erabat jabetuta gaude unibertsitateetako ikerketa taldeen baldintzak erraztu eta hobetu beharrean gaudela", adierazi du.