EHUspace ikasle taldearen izpi kosmikoen detektagailuak beste proba bat gainditu du

Esrange jaurtiketa basean
EHU
Actualizado: lunes, 29 febrero 2016 14:26

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   EHUspace Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterreko ikasle taldeak diseinaturiko izpi kosmikoen detektagailuak beste proba bat gainditu du. Rexus/Bexus programa espazialean parte hartzeko aukeratua izan zen proiektua, EHUko iturriek gogorarazi duenez.

   Zehazki, Europako Agentzia Espaziala, Alemaniako Zentro Aeroespazialak, Suediako Agentzia Espazialak eta Bremengo Unibertsitateko (Alemania) ZARM zentroak Suediako Esrange jaurtiketa basean egindako topaketan, Acorde (Altitude COsmic Ray DEtector) detektagailuaren aurretiazko diseinua onartu da.

   "Orain esperimentuaren diseinua osatu behar dugu, adituen iruzkin eta iradokizunei jarraiki, baita gure iritziari ere. Horrez gain, osagairik inportanteena fabrikatu, prestatu eta entseatu behar dugu: lainozko kamera. Horretarako instalazioak aurkitu behar ditugu entsegu termikoa eta hutsekoa egiteko, eta baita finantzazioa ere", azaldu du Alejandro Otero talde osatzen duen ikasleetako batek. Guztira, 12 ikaslek osatzen dute EHUspace eta Esrangeko topaketara bertaratu ziren lau, Otero haietariko bat izanik.

   Acorde detektagailua 2015eko abenduan aukeratu zuten Rexus/Bexus programan parte hartzeko. Alemaniako eta Suediako agentziek sustaturiko programa horri esker, Europako unibertsitate ikasleek zientzia eta teknologia esperimentuetan parte har dezakete suziri eta globoen bitartez.

   EHUko ikasleen proiektua izpi kosmikoen detektagailu bat diseinatu eta eraikitzean datza; detektagailuak, globo estratosferikoan gora doala eta muturreko tenperaturetan, gai izan behar du berau zeharkatzen duten izpi kosmikoen kopurua eta mota zehazteko.

   Probak gainditzen jarraitzen badu, Bexus globo estratosferikoan jaurtiko dute, gehienez 30 kilometroko garaierara arte, seguru asko urrian. Hurrengo azterketa, diseinu kritikoarena, maiatzean izango da, ESTECen (European Space Research & Technology Center), Noordwicken (Holanda).