Eibarko (Gipuzkoa) hirugarren industrialdea inauguratu dute, 14,4 milioi euroko inbertsioa egin ondoren

Actualizado: jueves, 24 marzo 2011 12:40

DONOSTIA, 24 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Undak, Eibarko alkate Miguel de los Toyosek eta Sprilurreko zuzendari nagusi Jose Manuel Iturratek Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria industrialdea inauguratu dute gaur, enpresetako eta erakundeetako hainbat ordezkarirekin batera. Proiektuak 14,4 milioi euroko inbertsioa izan du.

Modu honetan, egitasmo berrian sartutako erakunde nagusiek (Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, Sprilur eta Eibarko Udala) 2008ko azaroan sinatutako hitzarmena gauzatu dute, askotariko jarduera ekonomikoetarako lokalak dituzten hiru eraikin eraikita.

Matsaria industrialdeko azalera 59.355 metro koadrokoa da, eta, azalera eraikigarria, berriz, 25.209 metro koadrokoa. Proiektu hori honako eraikigarritasuna duten hiru eraikin izateko diseinatu dute:

A eraikina, 9.336 metro koadro; C eraikina, 6.894 mretro koadro; D eraikina, 8.979 metro koadro.

A eta C eraikinek lokalak dituzte beheko eta lehenengo solairuetan, ibilgailu-sarbidea behar duten industria-jardueretarako, eta, bulegoak bigarren solairuan, hirugarren sektorerako edo industria arinerako. Horrez gain, industrialdera sartzeko ibilgailuen zirkulazioa noranzko bakarrekoa denez, lurpeko 156 aparkaleku-plaza egin dira bi eraikin horietan.

A eta C pabiloiek bost metroko altuera librea dute beheko eta lehenengo solairuetan, eta 2,30 eta 3,20 metroko altuera aldakorra bigarren solairuan.

Bestalde, D eraikinak lokalak ditu bi solairutan (beheko solairuan eta lehenengo solairuan), bai eta ibilgailu-sarbidea ere, industria-jardueretarako soilik. Eraikin horretako lokalen altuera 6,50 metrora heltzen da.

ERAIKUNTZA EZAUGARRIAK

Zimendua "in situ" hormigoi armatuzkoa da, eta eraikinen eta estalkien egitura hormigoi armatuz aurrefabrikatua dago. Fatxada hormigoi armatuzko panel aurrefabrikatuekin eraiki da; zenbait kasutan, fatxadak kristalak ditu ateetan eta leihoetan.

Pabiloien barruko aldeak hormigoi armatuzko panel aurrefabrikatuko akaberak ditu, bai eta agregatu siderurgikoa duten birziklatutako hormigoizko blokez egindako itxiera-hormak ere. Pabiloietako zorua hormigoi leunduzkoa da, eta estaldura, berriz, poliuretanozko isolamendua duen altzairuzko txapa lakatuzko 'sandwich' motako panelez egina dago.

Garapen iraunkorreko neurriei dagokienez, C lursailean kutsadura kendu da (Baños Seganen instalazio ohiak) eta urbanizazio eta eraikuntza fasean material iraunkorrak erabili dira, eta agregatu siderurgikoa bitarteko hormetan eta zintarrietan. Industria-eraikin Iraunkorraren Gidaliburuan jasotako neurri kopuru handiena ezarri da eraikinak egiteko.

Eibar bezalako herrietako kezka nagusia industria-jarduera erdigunetik kentzea da, eta erdigunean dauden zenbait jarduera ekonomiko beste leku batean jartzea da Euskadiko Hiri-antolamendurako Plan Nagusiaren helburuetako bat.

Horren harira, hiru enpresak Matsarian finkatzeko interesa agertu diote Sprilurri. Horietako bi kokaleku berria behar duten bi jarduera ekonomiko dira, eta, bestea, enpresa sortu berria da. Hartuko duten azalera 1.847 metro koadrokoa da, eta 30 lanpostu sortuko dituzte.