Eibarko (Gipuzkoa) Udal Artxiboak 1905 eta 1924 arteko udal aktak digitalizatu ditu

Eibarko Udal Aktak digitalizatuta
EGOIBARRA.COM
Actualizado: jueves, 10 marzo 2011 12:07

DONOSTIA, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eibarko (Gipuzkoa) Udal Artxiboak, Ego Ibarra batzordearekin elkarlanean, Udal Aktak Digitalizatzeko Proiektuaren bigarren fasea burutu du, 1905etik 1924ra bitarteko aktak digitalizatuta, lanaren arduradunek iragarri dutenez.

Proiektua 2008. urtean hasi zen eta orduan digitalizatu ziren aurreneko 20 liburuak, 1600dik 1904ra bitartekoak. Kaptura aireko eskaner ireki batekin egin zen, eskuz idatzitako liburu handiak direlako. Paperean idatziak eta pergaminoan, larru bozelduan edo metalezko apaingarriekin koadernatuak, nahiko egoera onean kontserbatu dira, kalteren bat zutenak -koadernatzerakoan edo tintetan- 1996 eta 1999 artean zaharberritu zirelako.

Egitasmoaren bigarren fase honetan 11.000 irudi baino gehiago jaso dira; irudi horietan Udal Gobernuaren akordioak daude 1904tik Primo de Rivera jeneralaren diktadurara arte, Remigio Guimon Egañak alkatetza hartu zuen arte. Urte horietan, Eibarko biztanleriak %54aren igoera izan zuen eta 12.000 biztanle inguru izan zituen; behargin gehienek errebolberrak eta eskopetak egiten zituzten.

Orduan egin zen herriaren lehenengo zabalgunea, Ramon Cortazar arkitektoak egin zuena. Halaber, Bidebarrietan, Urkizun, Untzaga kale zaharrean (gaur egun Isasi kalea) eta Estaziño kalean etxeak jaso ziren. Eibarizan zen lehen immigrazio olatu handiena hartu zuen herria, armak fabrikatzeko eta hainbat lurraldetan saltzeko behar zen behargin-andana bere magalean hartu zuena: Mexiko, Argentina, Brasil, Peru, Grezia, Turkia edo AEB.

Proiektu honi esker Eibarko Udalak sortzen duen dokumentu-sorta garrantzizkoenaren kopia bat du Udal Artxiboak eta herriko historia aztertzen duten ikertzaile guztien eskura jartzeko kopia bat, hartara, kontsulta erraztuta eta jatorrizko agiria edo dokumentua ukitzeke.