Ekainaren 10era arte aurkez daitezke lanak 2011ko Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketan

Hilabete Geratzen Da Bilboko Aste Nagusiko Kartelen Lehiaketan Parte Hartzeko
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 9 mayo 2011 14:56

BILBO, 9 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Jaietako Batzordeak lehiaketa antolatu du beste behin 2011. urteko Bilboko Aste Nagusia iragarriko duen kartela aukeratzeko, eta lanak aurkezteko hilabeteko epea geratzen da, ekainaren 10ean bukatuko baita, lehiaketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Egile bakoitzak lan bi aurkeztu ditzake gehienez ere. Kartela 70 cm x 50 cm neurrikoa izango da (ez-etzana), eta luma-kartoi gainean eta kristalik gabe aurkeztu behar da derrigorrean. Kolorea eta teknika aukerakoako dira, eta obrak originalak izango dira. Testuan, "BILBAO 2011. ASTE NAGUSIA. Abuztuak 20-28 Agosto" agertu beharko dira.

Lanak goiburuarekin eta egilearen izenperik gabe aurkeztu beharko dira. Goiburu bera daraman gutunazal itxi batean egilea nor den jakiteko datuak adieraziko dira, curriculum laburra, telefono zenbakia eta NANaren zenbakia barne.

Lehiaketaren irabazleak 2.500 euro jasoko ditu. Saririk eman barik ere utz daiteke, aurkeztutako kartelek behar adinako kalitaterik ez badaukate. Kasu horretan, epaimahaiak hiriko artista edo estudio entzutetsuren bati eskatu ahal izango dio kartela egiteko.

Kartelak teknika aldetik tonalitate-aldaketaren bat beharko balu hobeto inprimatzeko, edo Aste Nagusiko daten akatsak edota ortografiari buruzkoak baleude, epaimahaiak aldaketok agindu ahal izango ditu, egileari aldez aurretik galdetuta eta berarekin lankidetzan. Ordenagailuz eginez gero, irabazleak kartela euskarri informatikoan (CD) aurkeztu beharko du inprimatuko den tamainan (70 cm x 50 cm).

Epaimahaia Jaietako Batzordeak izendatuko du eta sei kide izango ditu: hiruk arte eta publizitate alorrekin zerikusia edukiko dute, beste bat konpartsen ordezkaria izango da, beste bat Udalbatzaren ordezkaria izango da eta azkena Jaietako batzordeburua izango da. Sei kartel aukeratuko dituzte.

Epaimahaiak sei kartel aukeratuko ditu eta Zabalgune eraikinean eta Udalaren web orrian jarriko ditu ikusgai; ondoren, herritarrek parte hartzeko aldia irekiko da, gutxienez hamar egunekoa. Herritarrek banakako botoaren bidez parte hartuko dute, horretarako erabilgarri jarriko diren bitartekoak baliatuta, halako moduz non boto gehien jasotzen duen kartela izanen baita sariaren irabazlea. Hala herritarrek parte hartzeko aldia nola bozketaren prozedura behar den unean eta moduan iragarriko dira.

Lanak ikusgai jarri ahal izango dira Jaietako Batzordeak aukeratuko duen lokalean. Espazio kontua dela-eta, epaimahaiak erabakiko du zeintzuk erakutsiko diren, kartelen kalitate artistikoa kontuan hartuta. Sei kartel finalistak aukeratu eta abuztuaren 31ra arte ikusgai jartzeko eta eurei zabalkundea emateko eskubidea izango du udalak. Epe horretan eskubideak dohainik eta berari bakarrik laga zaizkiola ulertuko da obren erakusketa amaitu arte.