Ekainaren 15ean amaituko da Bilboko Aste Nagusiaren kartel lehiaketan parte hartzeko epea

Europa Press País Vasco
Actualizado: domingo, 27 mayo 2012 12:54

BILBO 27 May. (EUROPA PRESS) -

Hilabete baino gutxiago falta da Bilboko Udalaren Jaietako Batzordeak 2012. urteko Aste Nagusia iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketan lanak aurkezteko, azken eguna ekainaren 15a baita. Lanak Jaietako Sailean aurkez daitezke, 9:00etatik 13:30era, Bilboko Udalak gogoratu duenez.

Egile bakoitzak lan bi aurkeztu ditzake gehienez ere, eta kartela 70 cm x 50 cm neurrikoa izango da (ez-etzana). Luma-kartoi gainean eta kristalik gabe aurkeztu behar da derrigorrean, eta CD batean hiru digitalizazio: bata 200Kb-ko JPGa, bestea Mb1-eko JPGa eta azken inpresioaren tamainako erresoluzio altuko PDF bat. Kolorea eta teknika aukerakoak dira eta obrak originalak izan beharko du. Karteleko testua hau izango da: "BILBAO 2012. ASTE NAGUSIA. Abuztuak 18-26 Agosto".

Lanak leloarekin eta egilearen izenperik gabe aurkeztu beharko dira. Leloa bera daraman gutunazal itxi batean egilea nor den jakiteko datuak adieraziko dira, curriculum laburra, telefono zenbakia eta NAN zenbakia barne.

Lehiaketaren irabazleak 2.500 euro jasoko ditu. Saririk eman barik ere utzi daiteke, aurkeztutako kartelek behar adinako kalitaterik ez badaukate. Kasu horretan, epaimahaiak hiriko artista edo estudio entzutetsuren bati eskatu ahal izango dio kartela egiteko.

EPAIMAHAIA

Epaimahaia Jaietako Batzordeak izendatuko du eta sei kide izango ditu; horietako hiruk arte eta publizitatearen alorrekin zerikusia edukiko dute, beste bat konpartsen ordezkaria izango da, beste bat Udalbatzarena eta azkena Jaietako batzordeburua izango da.

Epaimahaiak sei kartel aukeratuko ditu eta Zabalgune eraikinean eta www.bilbao.net web-orrian jarriko ditu ikusgai; ondoren, herritarrek parte hartzeko aldia irekiko da, gutxienez hamar egunekoa. Herritarrek banakako botoaren bidez parte hartuko dute, horretarako erabilgarri jarriko diren bitartekoak baliatuta, halako moduz non boto gehien jasotzen duen kartela izango baita sariaren irabazlea. Hala herritarrek parte hartzeko aldia nola bozketaren prozedura behar den unean eta moduan iragarriko dira.

Epaimahaiak lehiaketatik kanpo utz ditzake lanak, autorea nor den zalantzan dagoenean, pertsonen duintasunaren aurka doazenean, beste obra batzuen plagiotzat hartzen dituenak eta plagiotzat jo ez arren beste obra batzuetan inspiratutakoak izanik eta haiekin dituzten berdintasunez epaimahaia jabeturik, originaltasunik ez dutela erabakitzen duenean. Herri-bozketa hasi ondoren uzten bada lanen bat lehiaketatik kanpo, bozketak jarraitu egingo du gainerako finalistekin.

Epaimahaiaren eskumenak bere horretan utzita, bakarrik hartuko ditu kontuan herri-bozketa egiteko epearen barruan aurkezten diren kexak edo erreklamazioak. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, baina halere, erabakia berriro aztertu dezake eta baliorik gabe utzi aurreko puntuko gorabeheraren bat gertatzen denean.

Lanak ikusgai jarri ahal izango dira Jaietako Batzordeak aukeratuko duen lokalean. Espazio kontua dela eta, epaimahaiak erabakiko du zeintzuk erakutsiko diren, kartelen kalitate artistikoa kontuan hartuta. Sei kartel finalistak aukeratu eta abuztuaren 31ra arte ikusgai jartzeko eta eurei zabalkundea emateko eskubidea izango du Bilboko Udalak. Epe horretan eskubideak dohainik eta berari bakarrik laga zaizkiola ulertuko da obren erakusketa amaitu arte.

Contenido patrocinado