BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hainbat udalerrik hartuko dute parte ostiral honetatik, maiatzaren 25etik, ekainaren 6ra bitartean, Ekoeraginkortasun I. Astean. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez abian jarriko den eta EAEko enpresa guztiei zuzendutako programaren xedea da ingurumen-aldagaiak eskaintzen dituen aukerak baliatzea eta enpreson lehiakortasuna bultzatzea, esperientziak trukatuz eta parte-hartzaileen artean sinergiak sortzea bultzatuz.
Ekimenean, 2010-2014 Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan programaren barruko jarduerak egingo dira. Astea Euskadi osoan egingo da, enpresek ekoeraginkortasunaren arloan izandako esperientziak eta jardunbide egokiak biltzea helburu hartuta. Ekimena euskal industriaren eta enpresen egutegian ekoeraginkortasunaren inguruko esperientziak trukatzeko ezinbesteko hitzordu bilakatzea ere bada antolatzaileen nahia.
Egitasmoaren sustatzaileen arabera, Euskadi aitzindaria da Europan ekoeraginkortasunaren arloan, eta, hala, ekimen hau "aukera bikaina da egiten ari den lana erakusteko, esperientziak trukatzeko eta enpresa hornitzaile zein bezeroak ekoeraginkortasunaren arlora bideratzeko".
Ekoeraginkortasun Asteak bi helburu nagusi ditu: lehengaien kontsumoari aurre hartzea eta hondakinak balioztatzea (enpresei aurrezteko modua emanez bide batez), eta produktu, zerbitzu eta lan aukera berriak eskainiko dituzten merkatu berde berriak irekitzea. Ekimenak ekoeraginkortasunaren gaitasun bultzatzailea agerian jarri nahi du, baita jasangarritasunaren kultura bultzatu ere.
Horrela, 20 erakunde inguruk egin dute bat ekimenarekin, tartean klusterrak, ikastetxeak, unibertsitateak, elkarteak eta eskualdeko garapen agentziak. Guztira, 30 ekitaldi inguru egingo dira, besteak beste, jardunaldiak, saio teknikoak, hitzaldiak eta lan-tailerrak. Aztertuko diren gaiak, berriz, askotarikoak izango dira: ekodiseinua, baliabideen eraginkortasuna, merkatu erronkak, erosketa berdea, klima aldaketa eta abar.
Partaidetzari dagokionez, saioetan 1.200 pertsonak parte hartuko dutela aurreikusi da. Ekitaldiak hartuko dituzten herriak, berriz, honakoak izango dira, besteak beste: Derio, Zamudio, Azpeitia, Gasteiz, Ea, Eibar, Barakaldo, Azpeitia, Azkoitia eta Bilbo.
Dagoeneko 470 enpresak egin dute bat 2010-2014 Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan programarekin, erdiak industria arlokoak, herena zerbitzu enpresak eta gainontzekoak erosketa eta kontratazio berdearekin konpromiso irmoa duten erakunde bultzatzaile publiko eta pribatuak.