Ekonomian eta berrikuntzan koordinazioa indartuko dute Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak

Aizpuru, Olano eta Goia
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: jueves, 4 mayo 2017 14:52

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

Ekonomia sustapen eta berrikuntzaren alorrean dagoeneko abian den koordinazioa estutzea erabaki dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, hiriburua "erreferentziazko berrikuntza gune gisa sendotzeko".

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak bilera egin dute ostegun honetan Foru Aldundian, bi erakundeen arteko koordinazioa eta proiektu partekatuak aztertu asmoz. Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak ere parte hartu du bileran.

Olanok eta Goiak azken hilabeteotan izandako elkarlana aztertu dute, bereziki sakonduz bi erakundeen programen uztartzea eta koordinazioa berrikuntza eta ikerkuntzan, ekonomia sustapenean, ekintzailetasunean eta talentua erakartzeko ekimenetan, besteak beste.

Halaber, Donostiako udalbatzak berriki adostutako erabakia aztertu du; Aldundiak Donostiako Sustapenari egiten dion ekarpena areagotzea eskatzen da ebazpenean. Eskari horretatik abiatuz, komunikazio eta koordinazio bide berri bat zabaldu da dagoeneko eta egin dira lehen bilera teknikoak, bi erakundeen egitasmo eta deialdiak alderatzeko, Donostiako Udaletik bultzatutako proiektuak modu eraginkorragoan uztartu daitezen foru programetan.

Olanok azpimarratu duenez, "jakintza eta berrikuntzari lotutako hiri gisa Donostiak duen balioa eta dinamismoa modu garbian babesten dute Foru Aldundiaren laguntza eta programek". Horren lekuko, 2016an hamar milioi euro baino gehiago bideratu ziren hiriburuko enpresa eta berrikuntza zentroetara.

Halaber, talentu zientifikoa erakartzeko Fellows Gipuzkoa programa jarri du adibide gisa. Iazko aurrekontua 416.776 eurokoa izan zen eta diru laguntzen eta erakarritako talentuaren %100 ikerkuntza zentro donostiarretara bideratu zuten. Gainera, gogoratu du Ekonomia Sustapeneko Foru Zuzendaritzaren ekarpena Donostiako enpresa eta zentroetara %66 igo zela joan den urtean, 2015ekin alderatuz.

Bestalde, Goia bi erakundeen arteko "koordinazio mekanismoak hobetzearen alde" agertu da, "gisa horretan guztiok lortu nahi dugun helburua lortzeko, berrikuntza eta ekintzailetasuna bideratutako programak babesteko laguntza lerroak aktibatzea, alegia". Foru Aldundiaren "erabateko disposizioa" baloratu du, "gure hiriaren indarra lurraldeko I+G+B polo nagusi gisa" sustatzen jarraitzeko, "orain arte bezala, Donostia Sustapenetik martxan jartzen diren lan lerroak garatzeko mekanismoak hobetuz".