Ekuadorrek lankidetza hitzarmen bat sinatu du Basque Culinary Centerrekin

Ekuadorreko enbaxadorea (Garitanoren ondoan), BCCn
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 22 octubre 2014 18:06

DONOSTIA, 22 Oct. (EUROPA PRESS) -

Miguel Calahorrano Ekuadorrek Espainiako Estatuan duen enbaxadoreak bere herrialdearen eta Basque Culinary Centerren (BCC) arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu du gaur, urriaren 22an, Donostian.

Enbaxadoreak eta BCCko zuzendari Joxe Mari Aizegak berretsi duten hitzarmenari esker, Basque Culinary Centerrek Ekuadorreko gastronomia sustatuko du eta elementu hori nabarmenduko du herrialdearen erakargarri turistiko gisa. Halaber, Ekuadorreko sukaldariak prestatuko ditu.

Horren truke, Ekuadorrek bertako produktuak eskainiko dizkio Gastronomia Fakultateari ikasleen sukaldaritza praktiketarako eta 25.000 dolarreko ekarpena egingo du.

Ekitaldian Martin Garitano diputatu nagusia izan da mahaiburu, Ekuadorren eta Gastronomia Fakultatearen arteko akordioa Calahorranok joan den ekainean Gipuzkoara egindako bisitaren emaitza baita. Foru Gobernuak gonbidatuta, bisita hartan Ekuadorreko enbaxadorearekin batera Latinoamerikako beste hiru enbaxadore izan ziren. Orduan, Ekuadorreko diplomazialariak BCC zentroa ezagutzeko aukera izan zuen eta Gastronomia Fakultatearekin akordioak lortzeko interes handia erakutsi zuen.

Garitanoren hitzetan, "akordio hau ez da Nikaraguako, Ekuadorreko, Venezuelako eta Kubako enbaxadoreek ekainean Gipuzkoara egin zuten bisitaren emaitza bakarra, beste arlo batzuetan ere lanean ari baikara. Antolatu genuen bisita hartan, lau herrialde horietako diplomatikoek egiaztatu ahal izan zuten gure enpresek duten berrikuntza gaitasuna eta, dagoeneko, harremanetan jarri dira zenbait enpresarekin".

"Gaur, zehazki, Ekuadorreko enbaxadorearekin adostu dugu beste bi arlotan ere lankidetza sustatzea, hain zuzen ere uraren eta hondakinen kudeaketa integralean. Ekuadorreko agintariek interesa dute arlo horietan eta gure enpresak, berriz, ondo posizionatuta daude", azaldu du.