ELAk bilera eskatu dio Urkulluri, enpleguaz, fiskalitateaz, osasunaz eta hezkuntzaz hitz egiteko

ELAk bilera eskatu dio Urkulluri
Foto: Europa Press
Actualizado: miércoles, 16 enero 2013 13:15

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Adolfo Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak asteazken honetan iragarri du bilera eskatu diotela Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, enplegu politikez, fiskalitateaz, osasunaz eta hezkuntzaz hitz egiteko.

   Euskadi Irratiari eskaini eta Europa Press-ek jaso duen elkarrizketa batean, Muñozek esan du "ona" dela Jaurlaritzarekin egotea, elkarrizketa soziala kritikatu duen arren, "ez dagoelako". Izan ere, bere iritziz, "inportanteena mahai horietatik kanpo egiten da, eta zu figurante moduan zaude".

   Muñozek gogoratu du ELAko Batzorde Eragileko lau kide Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarekin bildu zirela asteartean, enplegu politikez hitz egiteko. "Ona da Gobernuarekin egotea. Guk eskatu diogu bilera bat lehendakariari denetaz hitz egiteko, ez bakarrik enplegu politikaz, baita fiskalitateaz, osasungintzaz eta hezkuntzaz hitz egiteko ere", errepikatu du.

   Halaber, Aburtorekin izandako bileran sindikatuaren "kezkak" azaldu dizkiotela azaldu du, "ikusten dugulako administrazioetan eta botere instituzionalean oso marjen gutxi dagoela politika soziala egiteko". Horrela, gogoratu du Espainian sistema bat eraiki dela "Konstituzioaren erreforma batekin, espekulatzaileei dirua emateko", eta ondoren Aurrekontu Egonkortasunerako Legea onartu zela, "eta Madrildik esaten diete administrazioei ze muga duten defizita egiteko".

   "Guk dioguna da euskal administrazioek hori onartzen badute, ez dagoela marjenik autogobernua, soberania eta politika sozialak egiteko. Gure hausnarketa da ikuspegi sozialetik, baina baita ikuspegi abertzaletik ere. Soberania behar dugu premiazko kontuak egiteko. Jendea oso gaizki pasatzen ari da, langabezi handia dugu, pobrezia asko hazi da, desberdintasun sozialak handiagoak dira, eta gure buruari eta instituzioei egiten diegun galdera da noizko soberania orain ez bada?. Orain behar dugu soberania esparru sozialean politika soziala egiteko", nabarmendu du.

ELKARRIZKETA SOZIALA

   Halaber, gizarte elkarrizketa kritikatu Muñozek, "ez dagoelako" eta "inportanteena mahai horietatik kanpo" egiten delako. "Zu figurante moduan zaude, eta mahai horretan zauden bitartean, kontu inportanteak kanpoan egiten dira, eta egiten dira Gobernu eta patronalaren artean", esan du.

   Elkarrizketa soziala "antzerki hutsa" dela salatu du, "non, prest bazaude egoteko, seguruenik diru-laguntza emango dizuten, baina guk ez dugu hori nahi". "Guk nahi dugu erantzun sendo bat eman lan munduan eta gizartean gertatzen denari, eta hori mahai horietan ez da lortzen", ziurtatu du.