Eleberri autobiografikoaren inguruko topaketa izango da asteartean Bilbon Eztabaidak Literaturarekin zikloan

Actualizado: lunes, 16 enero 2017 11:40

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalaren Eztabaidak Literaturarekin zikloak Gabriela Ybarra idazle bilbotarra eta Carlos Pardo madrildarra elkartuko ditu asteartean, urtarrilaren 17an, eleberri autobiografikoaren eta irakurleen artean daukan gero eta harrera handiagoaren inguruko saioan. Ohikoa denez, topaketa 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da eserleku guztiak bete arte (ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren). Moderatzailea Cesar Coca kazetaria izango da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Gabriela Ybarra (Bilbo, 1983) gaztelaniazko literaturako egungo Euskadi Literatura sariduna da, bere lehenengo liburua den "El comensal" eleberri autobiografikoari esker. Bertan, egilea heriotzarekin eta familiarekin duen harremana ulertzen ahalegintzen da, bi gertakariren azterketaren bitartez: ETAk bere aitona hil zuen 1977an eta ama minbiziaren ondorioz hil zen.

Ybarrarekin batera, Carlos Pardo (Madril, 1975) idazle, editore eta literatur kritikaria egongo da Eztabaidak Literaturarekin saioan. 19 urte zituela idatzi zuen bere lehenengo poema liburua, eta ordutik etengabe agertu da poesia garaikidearen antologiatan. Literatur kritikari gisa aritzen da hainbat argitalpenetan, "Anónima" poesia aldizkariaren zuzendaria da, eta 2011ra arte Cosmopoética izeneko Kordobako nazioarteko poesia jaialdia zuzendu zuen.

Bi eleberri eta lau poesia liburu argitaratu ditu, eta "Los allanadores" poesia liburuak Ojo Crítico saria lortu du. Bere lanean behin eta berriro agertzen den ezaugarria autobiografiaren aurrean duen interesa da, berak adierazi duen bezala, "gizarteak ze eragin duen gure buruari buruz pentsatzen dugunean, gure nortasuna osatzen dugun moduan. Esperientzia bati esanahia ematen diogun moduan".