Elebidek 470 kexa jaso zituen iaz, bakarra gaztelaniaren erabilerarik ezak eraginda

Actualizado: martes, 24 mayo 2016 16:35

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

   Elebide Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak 789 intzidentzia jaso zituen 2015. urtean, eta horietako 470 kexak izan ziren (%61). Izapidetu ziren kexetatik 469 kasutan (%99,8), euskararen erabilera ezagatik gertatu zen eskubide urraketa, eta kasu bakar batean (%0,2), gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin zuen urraketa, Elebideren 2015eko memoriaren arabera.

   Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanok Elebideren 2015eko memoria aurkeztu dute astearte honetan Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean. Agerraldia sailak berak eskatuta egin da.

   Horrela, 2015. urtean 789 intzidentzia jaso ziren guztira. Intzidentzia kopurua urtetik urtera goraka doala esan du Baztarrikak, eten gabe, Elebide sortu zenetik. 2014an baino 377 kexa gehiago jaso ziren 2015ean eta, Elebideren sorreratik hona, ia laukoiztu egin da intzidentzia kopurua. Intzidentziak jasotzeko bideari dagokionez, bide telematikoa izan zen (posta elektronikoa eta Elebideren webgunea) herritar gehienek erabili zutena intzidentzien berri emateko (%98).

   Halaber, joan den urtean Elebiden izapidetu ziren 769 intzidentzietatik %61 kexak izan ziren (470 kexa), %35 eskaerak, %3 kontsultak eta %1 iradokizunak. Bi izan ziren kexak sorrarazi zituzten arrazoi nagusiak: Administrazioarekin ahoz zein idatziz aukeratutako hizkuntzan harremanak gauzatu ezina eta errotulazioan antzeman diren hutsuneak.

   Izapidetu ziren kexetatik 469 kasutan (%99,8), euskararen erabilera ezagatik gertatu zen eskubide urraketa, eta kasu bakar batean (%0,2), gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin zuen.

   Gaur egun, intzidentzien %94 itxita daude. Gainera, gaur egungo egoeraren arabera, kexak nola itxi diren erreparatuz, irtenbide egokia izan duten kexak 702 izan dira, hau da, kexa jaso duen erakundeak arazoa konpondu du edota konponbidean jarri du.

   Jaurlaritzako ordezkariek azaldu dute Elebideren ezaugarri nagusia dela hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta aplikatzen laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Honela, herritar guztien hizkuntza eskubideak babestea du helburu 2006an sortu zen zerbitzuak, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko inolako hierarkiarik gabe eta herritarren arteko hierarkiarik gabe.

ZEREGINAK

   Elebidek honako zeregin hauek ditu, besteak beste: hizkuntza eskubideen urraketak zuzenean ezagutzea; herritarrak sentsibilizatzea; aholkularitza eskaintzea hizkuntza eskubideen eta araudiaren gainean; kexak jasotzea, bideratzea eta jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexa jaso duen entitateei aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen; eta lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazioekin eta bestelako entitateekin.

   Baztarrikaren hitzetan, "gauza bat da eskubideak aitortuak izatea, eta beste bat, oso bestelakoa gainera, aitorturiko eskubide horiek benetan bermatuak izatea". "Gobernuko kide garen aldetik, gure eginbeharra da neurriak hartzea hobekuntzak lortzeko. Aurrera egin behar dugu, beraz, normaltasunez eta naturaltasunez, presarik gabe baina gelditu barik, gure helburua lortu arte: euskararen eta gaztelaniaren arteko benetako berdintasuna eta bizikidetza. Horretarako sortu genuen Elebide zerbitzua 2006ko urrian, eta horretarako segitzen dugu lanean hasierako ilusioarekin", azaldu du.

   Bere ustez, "positiboa" da aurreko urteetan baino salaketa gehiago izatea aurten. Alde batetik, gehikuntza horren arrazoia ez delako eskubide urraketa gehiago izan direla, baizik eta "herritarrek hizkuntza eskubideak baliatzeko kontzientzia eta sentsibilizazio handiagoa" erakutsi dutela. "Beste alde batetik, salaketen gehikuntza horrek argi erakusten du herritarrek Elebiderekiko erakusten duten konfiantza", gaineratu du.