Eleftheria Arvanitaki kantari greziarra ariko da larunbatean Getxo Folk jaialdian

Eleftheria Arvanitaki
GETXO FOLK
Actualizado 2018/09/14 16:58:46 CET

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Eleftheria Arvanitaki Greziako musikaren ahots ospetsuenetarikoa izango da protagonista nagusia Getxoko 34. Nazioarteko Folk Jaialdian larunbatean, irailaren 15ean. Artista greziarra 20:30etik aurrera ariko da Areetako Geltokia plazan, eta agertoki berean beste bi saio izango dira larunbatean: 18.30ean Lulavai laukotea ariko da, eta 23.00etan Nogen talde donostiarra.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Eleftheria Arvanitaki Greziako musikaren izen handien artean nabarmendu da. Bere ahotsaren kalitateak eta greziar tradizioko eta egungo musikak uztartzeko gaitasunak, musikagile, kanta idazle eta olerkari famatuak inspiratu dituzte. Getxora Dynata Tour birarekin helduko da, eta bere kanta famatuenak eta abesti berriak eskainiko ditu, bost musikari bikainek lagunduta.

Aurreko saioan, 18.30ean, Lulavai arpa eta ahotsen emakumezko laukotea ariko da. 2008an abiatu zen proiektua soinu oso partikular batekin, galiziar kanta tradizionalak eta konposizio propioko obrak interpretatzeko. Berriki "Lémbrame un soño" aurkeztu dute, bigarren lana, haiek konposatutako kantez osatua baina musika tradizionalaren erreferentzia galdu gabe eta munduko musiken zertzeladak gehituz.

Eguneko eskaintza Nogen banda donostiarrak agurtuko du, "Lys" lehen diskoaren aurkezpenarekin. Kanta "freskoak" bildu dituzte, lelo gogoraerrazekin, ahots argidun harmoniarekin eta dantza egiteko gogoa pizten duten folk erritmoekin.

Halaber, Eskoziako, Frantziako eta Bizkaiko kaleko bandek desfilea egingo dute arratsaldeko 19.00etan Bizkaia Zubian hasita. Taldeak Kale Nagusian zehar ibiliko dira eta ibilaldia Areetako Geltokia plazan amaituko dute.

Bestalde, ohikoa denez, kontzertuak ez ezik, Folk Getxo BBK jaialdian beste jarduera batzuekin gozatzeko aukera izango da. Horrela, Ibaiondo kaleko Gune Solidarioan, GKEek eta beste elkarte batzuek beren lana eta proiektuak emango dituzte ezagutzera. Gainera, hainbat herrialdetako eskulanak gerturatzen dituen Munduko Eskulangintza Azoka ez da faltako Areetako Geltokia plazan. Azkenik, Romoko Santa Eugenia plazako Munduko Terrazan jatorri anitzeko jakiak dastatzeko aukera izango da.

Contador