Elektrizitatearen kontsumoa %5,9 igo zen EAEn 2010ean

Apagón en Florida recurso tendido eléctrico
Reuters
Actualizado: lunes, 7 marzo 2011 18:41

BILBO, 7 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kontsumo elektrikoak %5,9 egin zuen gora 2010. urtean, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) emandako behin-behineko datuen arabera, eta existitzen diren baterako sorkuntza sistemei dagozkien kontsumoa kontuan hartu gabe.

EEEren arabera, industria arloan -EAEko elektrizitate eskariaren ia bi herenak bereganatzen dituen alorrean- %11,2 egin zuen gora elektrizitatearen kontsumoak 2010. urtean. Era horretan, aurreko urtean izandako %22,6ko beherakada berreskuratu edo konpentsatu egin zen.

Halaber, nabarmentzekoak dira, bereziki, siderurgian (%19,6), beiragintzan (%17) eta automobilen eraikuntzan (%15) izandako gorakadak. Hala ere, 2008an, siderurgian eta automobilen eraikuntzan izandako kontsumo mailekin alderatuta, %17 egin zuten behera 2010ean.

Era berean, azpimarragarriak dira, apalagoak izan badira ere, beste arlo batzuetan izandako kontsumoaren igoerak; adibidez, kimika industrian (%9), makina eta eraldaketa metalikoetan (%9,4), burdinazkoa ez den metalurgian (%6,4), kautxuan (%10) eta plastikoetan (%10). Papergintzan, egurgintzan edo elikagai industrian, berriz, 2009an izandako antzeko kontsumoak izan ziren 2010ean.

Krisiaren irteera nabaritzen ez duten sektoreak zementua eta itsasontzigintza dira. Izan ere, zementuaren alorrean, hirugarren urtez jarraian, nabarmen egin zuen behera elektrizitatearen kontsumoak 2010ean, eta 2007. urtearen aldean, beherakada metatua %-28 da.